Hilabetero bezala euren aldarrikapenak karrikara atera dituzte Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 22a, 09:30

Atzo Lesakan egindako elkarretaratzea.

Hilabeteko hirugarren astelehenetan ateratzen dira Baztan-Bidasoko pentsiodunak karrikara, eta halaxe egin zuten atzo eguerdian, aldi honetan, Lesakan. 1.080 euroko guttieneko pentsioa exijitzearekin batera, bertze hainbat gai hartu zituzten esku artean.

Atzoko agerraldiari hasiera emateko, Nafarroako 2025eko aurrekontuen zirriborroa hartu zuten hizpide Baztan-Bidasoko pentsiodunek. «Horren berririk ez» dutela adierazi zuten, baina oroitarazi zuten «1.080 euroko pentsioa bermatzeko erretiratu guztiei behar den kantitatea sartzeko konpromisoa badela». Horren harira, «akordioak betetzeko direla» nabarmendu nahi izan zuten. Gehiago ere bai: «Administrazioen aldetik ez bada mugimendurik ikusten epe motzean, mobilizazioekin salto bat egin beharko dugu».

Gaur eta bihar BECen egitekoa den pentsioei buruzko nazioarteko topaketaz ere aritu ziren. Finantza kontuez aritzekoak dira, eta tartean, pentsio sistemen etorkizunari buruz. Bada topaketa horren inguruan «pentsio sistema duina eta publikoa aldarrikatzen dugunok etsaiak baditugula» adierazi zuten atzo. «Sistema publikoa defizitarioa dela erratea ez dela zuzena, eta sistema publikoak porrot eginen duela faltsua dela». Eta «topaketa horien norabide neoliberalista salatzeko» gaur eta bihar BECen egitekoak diren elkarretaratzeen berri eman zuten atzo Lesakan.

Osasun zerbitzu duinaren alde

Irailaren 29an osasun publiko duinaren alde Elizondon egindako «manifestazio jendetsua eta anitza» ere txalotu zuten Baztan-Bidasoko pentsiodunek. Euren ustez, «argi gelditu zen gure osasunarekin ezin dela jostetan ari, mediku eta erizainen postu guziak bete behar direla, eta osasun zerbitzua doakoa, duina eta kalitatezkoa izateko eskubidea denona dela». Bide beretik, Baztango Osasun Plataformak lanean segituko duela jakinarazi zuten, eta hurrengo hitzordua hazilaren 5ean dute, 18:00etan.  «Pentsiodunok zerbitzu publikoaren eta duinaren alde ozenki mobilizatzen segituko dugu».

Lan mutualitateari egindako kotizazio itzulketak ere mahai gainean paratu zituzten. Kontatu zutenez, «1979a baino lehen lan mutualitate batean kotizatu zutenek 2024ko errenta aitorpenean berreskuratuko dute egokitzen zaiena, kenkari moduan. Kitatu beharreko zorra 2020tik 2023ra bitartekoa izanen da. 2019koa erreklamazioa egin beharko da, Internetez edo Doneztebeko Ogasunaren Bulegoan».

Israelen genozidioa salatzeko deia

Hitzordua «Israel Palestinan eta ondoko bertze herrialdeetan egiten ari den sarraskia» gaitzetsiz bukatu zuten. «AEB eta mendebaldeko bertze herrialde batzuk genozidioaren konplize» direla ere salatu zuten, «nahiz eta euren diskurtso hipokritetan askatasuna eta eskubideak aipatzen dituzten». Horrekin lotuta, «gero eta leku gehiagotan agertzen diren Palestinaren aldeko mobilizazioak eta genozidioaren kontrako salaketak» goraipatu zituzten. «Hau dena segur aski ez da aski izanen, baina egin dezagun elkarrekin gure esku dagoena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun