Berako 170 etxe izenen errotuluak paratzen hasi da Mugerri Elkartea auzolanean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 21a, 18:00

Hainbat boluntario pasa den larunbatean errotuluak paratzen.

Berako 170 etxetan izena eta etxe horren inguruan dagoen dataziorik zaharrena biltzen duen altzairuzko plaka bana paratzen hasi da Mugerri Elkartea Beran. Plakak paratzeko auzolanean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Etxe hauetan bizi da gure herriaren oroimena paratu diote izena proiektuari eta etxeen izenak eta irudiekin panelak paratuko dituzte. Irudiak Pello Iratzoki Errandoneak egin zituen, eta familiak Herriko Etxearen eskutan utzi zituen marrazkiak. Herriko etxeen ondarea berreskuratu asmo duen egitasmoa Berako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren laguntzarekin egin du Mugerri Elkarteak.

Pasa den larunbatean, hilaren 19an, hasi ziren plakak auzolanean paratzen eta heldu den astelehenera arte, urriaren 28ra arte ariko dira egiteko horretan. Hurrengo egunetarako laguntzaileak behar dituzte, eta auzoz auzo hainbat deialdi egin dituzte

  • Urriaren 22a, asteartea, 16:00etan, Itzea eta Mugaldea karrikak.
  • Urriaren 23a, asteazkena, 10:30ean, Foruen Plaza, San Esteban eta Iparkarrika. Egun berean, 16:00etan, Altzate auzoa.
  • Urriaren 25a, ortziralea, 10:30ean, Bidasoa karrika.
  • Urriaren 26a, larunbata, 10:30ean, Eztegara pasealekua. 
  • Urriaren 28a, astelehena, 10:30ean, Zalain auzoan.

Zulagailua eta bihurkin elektrikoa dituenak eraman ditzala eskatu du Mugerrik. Lanera hurbilduko direnak aipatutako tenorean agertu edo aitzinetik, 666 13 00 45 zenbakira WhatsApp mezura bidaltzeko eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun