Pronostikoak bete eta hirugarrenez irabazi du Nerea Arruti urnietarrak Euskal Herriko emakumezko aizkolarien txapela urriaren 20an Elgoibarren. Kanaerdiko (54 ontza) bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta 36 ontzako bi enbor mozteko 17 minutu eta 33 segundo aski izan zituen, iaz bezala txapeldunorde izan zen Nerea Sorondo beratarrak baino hiru minutu eta erdi guttiago (21.05).
Bi lehenbiziko postuak nahiko garbi erabaki ziren, eta borrokarik handiena podiumeko hirugarren koxkarako izan zen. Azkenean Laiene Pikabea hernaniarra izan zen hirugarren (23.42), Oihana Fernandez de Barrena arabarrak baino 17 segundo guttiago behar izan baitzuen lana burutzeko.
Bosgarren Lucia Orbe izan zen (26.02) eta Irati Astondoa seigarren (28.30)
Gizonezkoen bigarren mailako kanporaketa ere
Euskadiko gizonezkoen bigarren mailako aizkolarien txapelketako lehen kanporaketa ere Elgoibarko jaialdi berean jokatu zen. Eneko Otaño izan zen bizkorrena eta, berekin batera, Ugaitz Mugertzak eta Iban Resanok lortu zuten finalerako txartela.
Maila honetako bigarren kanporaketa hilaren 26an jokatuko dute Balmasedan (Bizkaia). Hemen ere ez da eskualdeko aizkolaririk izanen: Jon Rodriguez, Mikel Larrañaga, Julen Aranberri, Iker Gorriti, Eneko Saralegi eta Julen Alberdi ariko dira lehian.