Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak, Lesakako Udalaren laguntzarekin antolatuta, Frantziako Tolosako La Maîtrise abesbatzak kontzertua emanen du urriaren 21ean, astelehenean 18:00etan, San Martin elizan. Hainbat abesti organoaren laguntzarekin abestuko dituzte. Sarrera librea izanen da.
Frantziako abesbatza eskola horrek Toulouse Kontserbatorioan du egoitza, eta Frantziako abesbatza musikako saririk garrantzitsuena irabaziak ditu. Urriaren 20an Zaragozan kantatuko du, eta biharamunean, Lesakan, elkartearen eskaintza onartu ondotik, inolako kosturik eragin gabe.
La Maîtrise de Toulouse
La Maîtrise de Toulouse 2006an sortu zen hiri horretako Kontserbatorioaren barrenean, eta gaur egun nazioarteko prentsak aho batez goraipatzen du. Programa erakargarri bat aurkeztuko du Lesakan, Renaissances (Errenazimendua), hainbat garaitako lan homonimoak biltzen dituena, bata iraganekoa eta bertzea berriagoa, eta paralelismo aberatsa eskaintzen du haien artean. Melodia gregorianoak eta Giovanni Pierluigi da Palestrina eta Carlo Gesualdo bezalako egileak, Herbert Howells, Vytautas Miskinis, Gustav Holst eta Pau Casalsekin tartekatuko dituzte, baita Paul Villette eta Maurice Duruflé bezalako konpositore frantsesekin ere. Zalantzarik gabe, Frantziako gazte-abesbatza handi horrek, berrogeita hamar abeslari inguruk, kontzertu bakar eta gogoangarri bat eskainiko dio ikusleari.
Urtero dozena bat kontzertu eskaintzen ditu Maîtrisek, batez ere Toulousen, baina baita Frantziako gainerako lekuetan (Versalles-ko Chapelle Royalle, Paris-eko Opéra-Comique), baita jaialdi aunitzetan eta atzerrian ere. Toulouseko Maîtrisek lankidetzan dihardu aldizka bertze talde batzuekin (Capitoleko Orkestra, Toulouse-ko Sacqueboutiers...).
Nazioarteko musika-prentsan kritika goresgarriak jaso dituzte Maîtrisen grabazioek, eta Frantzian 5 Diapason lortu dituzte (bi aldiz); 2012an, berriz, American Record Guideren kritika izan dute, eta, azken horren ustez, «ez dago abesbatza honek abestu ezin duen deus, eta, gainera, bereziki ongi…». Ensemble Binchois-en CDak Diapason Découverte eta Deutschen Schallplattenkritik saria jaso ditu (antzinako musikaren kategoria).
La Maîtrise de Toulouse, Mark Opstad sortzaileak zuzentzen du.
Informazio gehiago: www.maitrisedetoulouse.fr