Ipuin lehiaketaren hamaikagarren edizioa martxan du Beti Gazte elkarteak, Lesakako udalaren babesarekin eta Tantirumairu Ikastolaren eta Irain Eskola Publikoaren laguntzarekin, eta parte hartzeko deia egina die Lesakako haurrei.
Adinaren arabera, lau mailatan banatuko dute lehiaketa: A maila (Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak), B maila (Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak), C maila (Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak) eta D maila (Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak).
Ipuina sortzeko gaia Ametsak da eta parte-hartzaile bakoitzak ipuin bakarra aurkez dezake. Ipuinak gutxienez orri bat eta gehienez hiru izan beharko ditu eta eskuz (letra ulergarria) edo ordenagailuz aurkeztuko dira, Tantirumairu ikastolan edo Irain eskolan. Azaroaren 15a baino lehen eraman beharko dira.
Lanaren kalitatea, estiloa, zuzentasuna, ortografia eta originaltasuna baloratuko da eta maila bakoitzeko lehenbiziko bi sailkatuek saria izanen dute.