Baztan-Bidasoko gazte feministen topaketak Lesakan eginen dituzte larunbatean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 17a, 12:00

Hitz Tantak taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du bazkalondoan.

Baztan-Bidasoko gazte feministak saretzeko asmoz, bigarrenez topaketak eginen dituzte urriaren 19an. Lehen edizioa Elizondon egin zuten iazko udan, eta udazkenera pasata, aurten Lesakan elkartuko dira larunbat honetan.

Sorgin Gaua paratu diote izena egunari eta egitarau zabala antolatu dute topaketetarako. Larunbatean 11:00etan frontoian elkartuko dira eta kafe tertulia eginen dute honako abiapuntutik hasita: Gure eskualdearen egoera. Okerrera goaz?

Ondotik, 14:00etan bazkaria eginen dute. Bazkariak zortzi euroko prezioa du eta egunean berean ordaindu beharko da.  Bazkalondoan, berriz, Hitz tantak taldearen kontzertu akustikoa izanen da.

17:00etan hasita hiru tailer izanen dituzte: Zianotipia, ikelak tindatzea eta tattoo txokoa. Ondotik, 19:00etan Butesque kabaretaz gozatzeko aukera izanen dute.

Eguna borobiltzeko 21:00etan afaltzeko bokatak izanen dituzte. 22:00etan Akelarrea izanen da eta ondotik DJ Pottokis eta pintxada kolektiboa izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun