Euskadiko emakumezkoen aizkolari txapelketaren finala jokatuko dute urriaren 20an, igandean 13:00etan Elgoibarko (Gipuzkoa) Kalegoen plazan. Euria eginen balu, Olaizaga kiroldegian jokatuko litzateke finala. Sarrera doan izanen da. Sei emakume ariko dira lehian, tartean gaur egungo txapeldunordea den Nerea Sorondo beratarra.
Berakoarekin batera, Nerea Arruti gaur egungo txapelduna, Oihana Fernandez de Barrena, Laiene Pikabea, Lucia Orbe eta Irati Astondoa lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak sei pago-enbor moztu beharko ditu: kanaerdiko (54 ontza) bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta 36 ontzako bi enbor.
Gizonezkoen bigarren mailako kanporaketa ere
Euskadiko gizonezkoen bigarren mailako aizkolarien txapelketako lehen kanporaketa ere Elgoibarko jaialdi berean jokatuko da. Ez da eskualdeko aizkolaririk izanen. Beñat Lekue, Cesar Fernandez de Landa, Iban Resano, Alvaro Garcia, Eneko Otaño, Ugaitz Mugertza eta Iosu Santamaria ariko dira eta bortz enbor moztu beharko dituzte, 54 ontzako hiru eta 60 eta 72 ontzako bana. Hiru lehen sailkatuek izanen dute finalerako txartela.
Maila honetako bigarren kanporaketa hilaren 26an jokatuko dute Balmasedan (Bizkaia). Hemen ere ez da eskualdeko aizkolaririk izanen: Jon Rodriguez, Mikel Larrañaga, Julen Aranberri, Iker Gorriti, Eneko Saralegi eta Julen Alberdi ariko dira lehian.