Landazelaietako parke berriari buruz ekarpenak biltzeko saio irekia eginen du Lesakako Udalak urriaren 18an

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 16:00

Zahar Etxearen gibeleko aldean egin gogo den eremu berriaz ariko dira ortziralean 18:00etan hasita Koxkonta Bideko udal aretoan

Lesakako Zahar Etxeko gibeleko aldean parke berri bat egiteko aukera du Lesakako Udalak eta parke berri horren programa, elementuak eta izaera definitzeko herritarren laguntza behar dutela jakinarazi du. Horretarako, Landazelaietan parke berri horri buruzko proposamenak biltzeko saio irekia antolatu du urriaren 18an, ortziralean 18:00etan, Koskonta Bidea 7ko udal aretoan. Saiora joan ezin dutenek ere beraien ekarpenak egin ditzakete alkatea@lesaka.eus helbide elektronikoan.

Saioan, hasierako ongietorriaren eta partaideen aurkezpenaren ondotik, aurrekarien errepasoa eta eremuak eskaintzen dituen aukeren azalpena eginen dute, diagrama eta argazkien bidez. Gero, eguraldiak laguntzen badu, solasgai den eremua ikustera aterako dira eta parke berriaren izaera eta programa definitzeko tailerra eginen dute, herritarren ekarpenak bilduz.

1999ko Lesakako Udal Planak Landazelaietarako proposatzen zuen garapena geldirik dago, uholde-arrisku arazoak medio. Hauek argitu bitartean, Lesakako Udala aitzinera pausuak ematen hasi da, herriak dituen beharrei erantzun asmoz. Bertzeak bertze, 2023an Udal Planaren aldaketa puntual bat onartu zuen. Aldaketa honekin, UE-31 sektore berria sortu da, erabilera publikorako hiru azpi-eremu eta bide berri bat dituena:

  1. Disuasio aparkalekua (suhiltzaile parkearen gibelean)
  2. Landazelaietako parke berria (Zahar Etxearen gibelean)
  3. Aldi-baterako espazio malgua (Osasun Zentroa handitzeko erreserba, Osasun Zentroaren gibelean)

Lesakako Udalak eremuko lurrak erosi ditu dagoeneko eta eremua berritzeko hainbat azterlan abiatu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun