[ARGAZKIAK] Giro ederra lehenbiziko Bortzegunean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 10:00

Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatuta, Bortzeguna ospatu zuten larunbatean Etxalarren. Egun osoko egitaraua prestatua zuten, eta eguraldia lagun, aski egun polita atera zen. Argazkiak: Jon Abril eta TTIPI-TTAPA

Goizeko txistularien dianak ireki zuen eguneko egitaraua. Haur, gazte eta heldu kuadrilla ederra bildu zen, eta euren doinuekin herriko karrikak alaitu zituzten. Txistularien bueltaren ondotik, herri kirolen txanda izan zen. Gaztetxoak aritu ziren lehenbizi, helduak ondotik, eta saioa borobiltzeko elkarren kontra sokatiran aritu ziren. Gazteenak izan ziren nagusi.

Eta herri kirolak bukatutakoan, Euskara karrikaren bueltan kalejira hasi zen. Bortzirietako trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, karrikaz karrika ibili ziren, eta jendetsua izan zen. Bidean, geldialdiak egin zituzten, antzerkiaren, musikaren, bertsoen eta hitzen bidez, euskararen egoera agerian utziz.

Itzulia plazan bukatu zuten, eta han, Bor-borreko talde eragileen izenean, Jon Abrilek hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien modu batera edo bertzera parte hartu zuten guziei, eta lehenbiziko Bortzeguna Etxalarren izaki, bi etxalartarrek leitu zuten adierazpena: Itsaso Elizagoienek eta Beñat Irazokik.

Mahairen bueltan jarrita, etxalartarrek prestatutako asaua izan zuten bildutakoek bazkaltzeko, eta giro ederra izan zuten bazkarian, baita bazkalondotik egin zuten bingo musikatuan ere. Eguna borobiltzeko, musikak hartu zuen lekukoa: Jeiki hadi taldearekin mutxikoak dantzatzen ibili ziren, eta ilunabarretik aitzinera Alarma Morea taldearen eta Fifi&Fefa DJekin dantzatzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun