Gaur egun, denetik egiten dute Matxako iturgintzan: «etxebizitzetan iturgintza eta berokuntza sistemen instalazioa, baita aire egokituena ere, fabriketan haize konprimitu eta uraren instalazio eta mantentze lanak… Ibardinen, Dantxarinean, Luzaiden eta inguruko benta haundietan ere aritzen gara».
Lan egiteko modua aldatu da, baita legeak ere. «Eraikuntza berrietan energia berriztagarriak legezkoak dira, hortaz, geroz eta gehiago erabiltzen dira». Hala ere, «beti ez dira komeni». Energia berriztagarrien erabilera onuragarria da eta denbora luzera aurrezpena dakarte, «baina horretarako gauzak ongi egin behar dira, eta horrek gastu haundiagoa eskatzen du instalazioan. Kasu bakoitza banaka-banaka ikusi behar da. Adibidez, azalera haundietan pisu ttikietan baino errazagoa eta eraginkorragoa da. Gai konplexua da, denborarekin hartu eta ongi aztertu beharrekoa. Denak ez du balio denetzako; kasu batzuk hagitz onuragarriak dira, eta bertze batzuk ez».
Horrez gain, azpimarratu du «etxe bakoitzeko sistema egokiena aukeratzea ez dela aski. Sistemaren errendimenduaren puska haundi bat haren garbiketa eta zaintzarekin lotua dago. Hortaz, sistema on bat izatea bezain garrantzitsua da etxean duguna behar bezala mantentzea. Eta hori aunitzetan atzentzen dugu; galdaraz oroitzen gara, baino gainerako instalazioez ez. Adibidez, zoru erradiatzaileek eta berogailuek lohia sortzen dute eta horiek noizbehinka garbitu behar dira. Horrek aunitz luzatzen du makinaren bizia eta errendimendua».
Azkenik, uraren kontsumoaz ere mintzatu da; «sistema berriek ur kantitate ttikiagoa gastatzen dute, baina garrantzitsuena, denarekin bezala, zentzuz jokatzea da».