Haurrentzako 'Anbotoko Mari' antzerkia ikusteko aukera izanen da Beran igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 11a, 09:00

3 eta 10 urte arteko haurrei zuzendutako emanaldia da Anbotoko Mari.

Nafarroako Antzoki Sarearen Sendaberri programaren barrenean, 'Anbotoko Mari' haurrentzako antzerkia ikusteko aukera izanen da igandean Beran. 17:00etan izanen da ikuskizuna eta 3 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendua dago. Sarrerak dagoeneko salgai daude eta lau euroan erosten ahal dira hemen.

Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituen antzezlan multimedia da Anbotoko Mari.

Gari, mutiko zoro bat, lagunekin haserretu eta bakarrik abiatuko da Anbotora. Mariren haitzuloan sartu eta harri magikoa lapurtu eta alde eginen du, harria lagunei erakusteko asmoz.

Anbotoko Mari gibeletik abiatuko zaio mendirik mendi eta Garik gero eta magia zoroagoak eginen ditu harriarekin, Marik Tartaloren, iratxoen eta bertze jeinu batzuen laguntza eskatu beharko du harria berreskuratzeko.

Emanaldia Labiaga Ikastolak antolatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun