Lesakako zahar etxean «hobekuntza nabarmenak dituen akordioa» lortu duela adierazi du LABek

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 9a, 13:30

«Hilabete batzuetako negoziazioa» izan dela erran du sindikatuak, eta «gibelera pausorik ez eta hobekuntzak bertzerik bilduko ez dituen akordioa» dela gaineratu du. Lesakako Andra Mari Zahar Etxeko hitzarmena 2024tik 2026ra arte izanen da indarrean.

LABen hitzetan, «eskubide sozialak eta hobekuntza ekonomikoak» bildu dituzte akordioan. Soldatari dagokionez, adibidez, akordioa indarrean izanen den urte bakoitzeko soldata igoera Nafarroako KPIri lotutako soldata igoera ezarriz eta gutienez % 1,5eko soldata igoera bermatuz eginen dute, «KPI negatiboa izan arren». Horrez gain, langileek «aparteko ordainsariak hileko soldataren osotasunean» kobratuko dituzte.

Lanaldi murrizketa ere lortu dute. Hitzarmena indarrean den denboran, 15 ordu murriztu eta formaziorako 22 ordu bideratuko dituzte, eta azken horiek «lan eginda bezala kontuan hartuko dira». Formazioari dagokionez, «euskara ikastaroak, lan prebentzioarekin eta zaintzarekin loturiko formazioak» bildu dituzte.

Baimenak ere eguneratu dituzte, eta «soldatarik gabeko 30 eguneko baimenak» eskatzeko aukera adostu dute. Horren harira, alde batetik, langileek borondatezko baimena eskatzen ahal izanen dute, eta horretarako, 30 egun lehenagotik abisatu beharko dute. Eta bertzetik, nahitaezkoa baldin bada, «enpresak lehenbailehen erraztu» beharko die baimena.

Gisa berean, borondatezko eszedentziaren kasuan, lanpostua bi urtez mantentzea adostu dute, eta langileek baja profesionalak eta arruntak % 100 kobratuko dituzte.

Lan osasunari lotutako neurriak ere hartu dituzte. Hala nola, «prebentzio psikosozialerako zerbitzua, arrisku ergonomikoak prebenitzeko langileentzako fisioterapia zerbitzua, 55 urtetik goitikoei gaueko lana saihesteko neurriak, adin batetik goiti kotizazioak mantenduz lanaldia murriztea…» aipatu ditu LABek.

Kontratazio berrietarako probaldia ere murriztu dute eta euskara ikastea bultzatzeko neurriak ere bildu dituzte hitzarmenean, «Lesakan bertan langileentzako euskarazko formazioak erraztuz».

Hori lortuta, LAB konbentzitua dago «lan baldintzak hobetuko» direla. Eta horrekin batera, «langileekin batera egindako ibilbidearen emaitza» izan dela nabarmendu du. «Zaintzaren sektorean aunitz dago egiteko eta akordio hau bide horretako pauso moduan ulertzen dugu». Hala, «sektoreko baldintzak hobetzeko borrokan eta lanean» segituko duela berretsi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun