Lesakako Martxanpaita eta Biurrana auzoek oinezko lotura izanen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko urriaren 9a

Agiñarako errepidea erabili gabe, herrigunetik Martxanpaitara, eta alderantziz, oinez edo bizikletaz egiteko aukera emanen du bide berriak.

Lesakako Udala Martxanpaita eta Biurrana auzoentzako oinezko lotura bat lantzen aritu da azken hilabeteetan, eta ideia errealitate bihurtuko da hurrengo hilabeteetan.

Lesakako Udalak aitzinera pausoak ematen segitzen du mugikortasun alorrean. Horren azken adibide da Martxanpaita eta Biurrana auzoetarako eginen den oinezko eta bizikletentzako bidea. Arcelor Mittalekin hitzarmena sinatu zuen udalak Luberrondoko zelaiak erabili ahal izateko eta horrela oinezkoek NA-4000 errepidea alde batera utzi eta segurtasunez mugitu ahal izanen dira lanak egin ondotik.

Bidea eraikitzeaz gain, auzoraino argiteria publikoa eramanen da eta bidea bera ere argitua egonen da. Proiektuaren kostua 207.283,08 eurokoa da guztira, eta hauetatik 165.826,46 euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu. Hurrengo hilabeteetan lanen esleipenarekin hasiko da udala.

Modu honetan, Lesakako sarrerako zubitik Lesaka aldez-alde gurutzatzen duen ia 5 kilometroko ibai pasalekua burutu du Lesakako Udalak. 2020- 2023 urte artean Lesakako herrigunea eta Bidasoako bide berdea lotzeko lanak egin ziren, eta orain mendebaldean dagoen auzoa lotuko da, auzotarrentzako segurtasuna bermatuz eta herritarren ongizatea hobetuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun