Ladis Satrustegi alkatea buru zutela, arlo desberdinetako zinegotziek hirigintza, mendia eta ingurugiroa, kirola, ongizatea, auzolana, parte hartzea edota berdintasunarekin lotuta 2024-2027 epean gauzatuko dituzten ekimen eta proiektuen berri eman zuten, herritarrez betetako aretoan. Ekintza plana deitu duten liburuxka banatu zitzaien bertaratutakoei, bertan erronka guztiak zehatzago azaldu dituzte. Liburuxka hau, etxe guztietara banatuko dute aste honetan zehar, eta webgunean zintzilikatuko dute ere, herritar guztiek informazioa izan dezaten. «Herritarrekin partekatutako gardentasun ariketa bat bezala ulertzen dugu gaurko aurkezpena. Plan hau azken urteetan egindako lan sakon baten ondorioa da, zinegotziek detektatutako beharretan oinarrituta dagoena, baita auzo batzar eta parte-hartze foro ezberdinetan ateratako ideietan» aipatu zuen alkateak.
Erraterako, «herri bizi eta bizigarri baterako» bidean, hirigintza plana berrituko dute eta herriko mugikortasunean aitzinera pausoak emateko, saihesbidearen proiektua «ezinbertzekotzat» jo dute. Landazelaien erabilera posibleak aztertuko eta bultzatuko dituzte, horretarako inundabilitatearen maila murritzeko plana diseinatuz eta garatuz; uraren kontsumo arduratsua bultzatu nahi dute eta horretarako, etxe guztietan ur-kontagailu digitalak instalatu eta uraren ordenantza berria garatuko dute eta autobus geltokia berritzeko asmoa ere bada, estalpea handituz eta bizikletentzako aparkalekua eginez.
Irudi berria
Bertzalde, Lesakako Udalaren irudia berritu dutela jakinarazi zuten ekitaldi berean, eta azalpen bideo bat ikusi ondotik, Zubiak eraikiz leloa duen marka berria aurkeztu zuten. Azkenik, udalaren webgunea ere berritu dutela jakinarazi zuten, gaur egungo beharretara moldatu dutena.
Hain zuzen, webgunean ikus daiteke udal ekintza planaren buletina.