Mikel Artieda Irazoki

«Bihotzetik ateratzen zaidan musika jotzen ari naiz eta ilusioz nago»

Ttipi-Ttapa 2024ko urriaren 5a

Mikel ARTIEDA IRAZOKI, Berako musikaria

Akordeoiarekin hasi zen, baina bereziki baxua izan du bidelagun bere ibilbide oparoan. Euskal Herriko musikagintzako baxu jotzaile historikoetako bat da eta gaur egun ere baxuarekin segitzen du.

Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidean ehunka plazatan ibili da erromeriaz erromeria; 50 disko baino gehiagotan parte hartu du; baita musikari ezagunen ondoan hamaika ordezkapen egin ere; eta Euskal Herrian, estatu mailan eta nazioartean kontzertu saila eta birak egindakoa da. Baxua eskuetan egin du ibilbide luze eta oparo hori Mikel Artieda Irazokik (Bera, 1964). Sorterria utzita, Jerez de la Frontera (Cadiz, Espainia) du azken bortz urteotan bizileku, eta handik, sorterritik mila kilometrotara, aritu da TTIPI-TTAPArekin. Urruti, baina bere bidean, sorterria bihotzean eta oraindik ere musikari lotua. 

Zer moduz bizi zara Jerezen? 

Gustura. Pixkanaka Jerezen ere musikan nire tokia egiten ari naiz. Batetik, Maestro Mutante taldearekin disko bat grabatu behar dugu, eta bertzetik, aurrez aurre eta online musika erakusten aritzen naiz. Musikeneko jazz masterra aurten bukatu dut, eta masterrerako egin behar nuen lan baten harira, Hotmart plataforma digitalean baxu elektrikoa jotzen ikasteko 42 bideoko ikastaro bat zintzilikatu dut, crowdfunding bat eginda. Gainerakoan, lasai bizitzen saiatzen naiz: familiarekin egon, etxeko lanak eta kirol pixka bat egin...

«Euskal Herrian eta Jerezen berdintsua da nire bizitza, beti nire gauzak egiten saiatu izan naiz»

Aunitz aldatu zaizu bizitza? 

Egia erran beti kanpora jotzeko joera izan dut. Nire herria aunitz maite dut eta hagitz gustura joaten naiz, baina beti kanpora atera eta irekitzea gustatu izan zait. Beratik Irunera joan nintzen eta gerora Madrilera. Etxean aitak gasolindegia zuen, baina independizatzeko gogoa nuen, eta bertze gasolindegi batean harrapatu nuen lana. Egoera okertu zenean lan hori galdu eta Madrilera joan nintzen. Euskal Herrian eta Jerezen berdintsua da nire bizitza, beti nire gauzak egiten saiatu izan naiz.  

Zein da musikarekin duzun lehenbiziko oroitzapena? 

Akordeoiarekin hasi nintzen. Oroitzen naiz, Alkaiagan, amaren baserrian geundela, akordeoi zahar bat hartu eta bakar-bakarrik Andre Madalen pieza atera nuela. Ez dakit zenbat urte izanen nituen, gehienez zortzi bat. Denak harrituak gelditu ziren, eta etxekoak Pepito Iantzirekin solastatu ziren. Solfeo ikasten eta akordeoiarekin hasi nintzen. Begoña Rudiren lehenbiziko ikaslea izan nintzen Beran, eta Pepito Iantzi larunbatero joaten zen Berara klaseak ematera. Gerora, Irunen segitu nuen, eta kontserbatorioan ere ibili nintzen. Lehiaketetan parte hartzen ere hasi nintzen, baina nekatu nintzen. 

Eta baxua deskubritu zenuen... 

Baxua nire gisa ikasi dut. Egun batean, institututik bueltan, autobusetik jausterakoan, Fernan Irazoki baxu batekin esperoan nuen, herriko taldean jotzeko, eta horrela hasi nintzen baxuarekin. Baxuarekin hasi, eta bi asteren buruan Gregorio Mitxelena akordeoilariarekin ezkontza batean jo nuen. Enpresa ikasketak egin nituen, eta horretan lanean ibili nintzen, baina ez nuen neure burua mundu horretan ikusten. Gainera, ETB 1eko Funtzioa saioan hasi nintzen baxua jotzen, eta Tapia eta Leturiarekin erromerietan. 1990ean Parisera ere joan nintzen hiru hilabeteko ikastaro bat egitera, eta 2013an gasolindegiko lanik gabe gelditu nintzenean, Madrilera joatea erabaki nuen klaseak hartzera. 2017an han gelditu nintzen. Orduan aitzindu nuen baxuarekin. Ordura arte aunitz jotakoa nintzen, baina inprobisazioari dagokion pauso hori orduan eman nuen.

«Madrilera joatea erabaki nuen baxuko klaseak hartzera»

Baxuarekin hainbat proiektutan parte hartu duzu. Kontatu... 

Herriko Laket taldean hasi nintzen, eta horren ondotik, Urkorekin bi urte eta Ganbara taldearekin bertze bi urte pasatu nituen. Tapia eta Leturiarekin zortzi bat urtez ibili nintzen, hasieran, Tapia eta Leturiarekin bakarrik, eta gerora, Tapia eta Leturia Band taldean. Aldi berean, ETB1eko Funtzioa eta Txiskola saioetan aritu nintzen. Zaldibobo eta Jalisko taldeetan ere ibili nintzen, eta Jabier Muguruzarekin eta Joseba Irazokirekin. Xabier Aburruzaga trikitilariarekin diskoa grabatu nuen, eta EH Sukarrarekin disko bat eta bi urte egin nituen. Mikel Erentxunekin disko bat eta bortz urte egin nituen eta tartean nazioartean bira; Duncan Dhurekin ere bira egin nuen. Jazzean Goialde Senperena Quarteten ere ibilia naiz, eta ordezkapenak aunitzetan egin ditut: Ruper Ordorikarekin, Oskorrirekin, Eñaut Elorrietarekin, Anje Duhalderekin, Alex Ubagorekin...   

Atzar Hadi eta Bakan taldeak ere hor daude... 

Azken urteotako proiektuak dira. Musikeneko masterra egiten ari nintzen bitartean, Atzar Hadi taldean parte hartzea proposatu zidaten, eta baietz erran nuen. Errobi taldeari egindako omenaldia izan da eta  irailaren 11n Sarako bestetan egin genuen azken kontzertua. Bakan taldean ere ari naiz. Batez ere Xabi Pery eta Jojo Bordagaraik muntatu dute eta Atzar Hadiko jendea gara. Hagitz gustura nabil. Proiektu batzuk Jerezen, bertze batzuk Euskal Herrian... Kontent nago.   

Mikel Artieda baxuarekin estudioan.

Bakarka baxuarekin bi disko dituzu... 

Bai, 1999an bat eta 2022an bertzea, Bidai diskoa, Mikel Artieda & Zazpiketersen izenean. Nire baxuak zazpi soka ditu eta hortik heldu zaio izena. Imanol Artola Egilegor baxu jotzaileak eta luthierrak zazpi sokako baxua egin zuela jakin nuen sare sozialen bidez, Bidai izenekoa. Horrek berriz konposatzen hasten lagunduko zidala pentsatu nuen, eta hala izan zen. Horren emaitza izan zen Bidai diskoa. Beran aurkeztu genuen, eta hagitz emanaldi  polita eta maitagarria izan zen. Tolosan ere jotzekoa genuen, baina ezin izan genuen. Proiektu horri segida ematea gustatuko litzaidake. Bidai diskoko kantekin eta masterrerako sortutakoekin Mikel Artieda & Zazpiketers hirukote bezala, Javier Lopez Jaso akordeoilariarekin eta Ander Zulaika bateria jotzailearekin, emanaldia prestatzen ari gara. Horrez gain, masterreko konposizioak kantatzeko moldatu ditut, eta azaroan masterreko hirukotearekin eta Leire Berasaluze kantariarekin disko bat grabatuko dut zuzenean. Pop-jazz kantak izanen dira.

Egun musikatik bizi zara. Zaila da? 

Aunitz borrokatu behar da musikatik bizitzeko. Oroitzen naiz, gasolindegian kudeatzaile aritzen nintzenean, jendeak musikatik bizitzen ahal zen galdetzen zidala. Eta baietz erantzuten nien, plaza bat hartuta irakasle izanda, edo klaseak emanez eta orkestra batean joz. Gaur egun zaila da, baina posible da. Orduak sartu behar dira, bertze hainbat lanbidetan bezala, eta suerte pixka bat ere izan behar duzu, baina konbentzitua nago lortzen ahal dela. 

Gasolindegiko lana eta musika uztartzeko nola egiten zenuen? 

Banda batean jotzeko baldin bada, baxua ez da hagitz instrumentu exijentea. Oroitzen naiz gasolindegian aritu nintzenean, nagusiari Excel dokumentu bat aurkeztu niola, lana eta Mikel Erentxunekin sortu zitzaidan aukera uztartuz. Asteazken edo ortzirale batean jo behar banuen, lanera igandean joanen nintzela proposatu nion. Baietz erran zidan. Tokatu zitzaidan ortzegunarekin Perura atera, eta hurrengo astean bakarrik asteburu pasa lanean aritzea. Batzuetan pixka bat gogorra izaten zen, baina nola edo hala, moldatzen nintzen. % 100 dedikatu gabe, proiektu polit aunitzetan parte hartzeko suertea izan dut. Behin, gasolioa deskargatzen zuen kamioilariak, honela erran zidan: «Miguel, gasolindegitik joanen zara eta berriz etorriko zara, baina zurea musika da». Gaur egun, indarrak musikara bideratuak ditut.

«Gasolioa deskargatzen zuen kamioilariak honela erran zidan: 'Miguel, gasolindegitik joanen zara eta berriz etorriko zara, baina zurea musika da»

Urteotan oholtza aunitz aldatu da?

Bai, dezente aldatu da. Gero eta zailagoa da emanaldiak lortzea, aurrekontu ttikia bideratzen dute. Batzuetan honetan hainbertze indar egiteak merezi ote duen galdetzen diot neure buruari, baina ez dakit bertzerik egiten, hau gustatzen zait, eta ez dut deusen faltarik. Beraz, ilusioarekin aitzinera. 

Garai onak eta txarrak ezagutu dituzu musika munduan? 

Bai. Erromerien garai hura hagitz ona izan zen. Gerora, ebakuntza bat egin zidaten eta geldialdi bat egin nuen, eta berriz muturra sartzea ez zen erraza izan. Gainera, musikari gazte on aunitz heldu dira. Argi dago merkatua diferentea dela. Gaur egun, disko bat egitea ez da nahikoa garai batean bezala bira egiteko. Bai Espainian, bai Euskal Herrian bizpahiru talde dira indarra dutenak, eta aurrekontuak horietara bideratzen dituzte, publikoa ziurtatzeko. Nik, ordea, nahiago dut ibilbide erromantiko hori egin, eta bortz kontzertu polit eginez gero, aski kontent. 

Hainbertze urte musikaren munduan, baduzu momentu bereziren bat gogoan gelditua? 

Bi aipatuko nituzke: batetik, Oskorri taldearekin Bartzelonako Musika Jauregian aritu nintzenekoa; eta bertzetik, Mikel Erentxunekin eta Duncan Dhurekin jende pila baten aitzinean egindako kontzertuak.

Labur-labur
  • Akordeoia edo baxua? Baxua.
  • Baxua eta akordeoia ez den bertze instrumentu bat? Pianoa.
  • Musikari izan ez bazina, zer? Ba ez dakit... Goizetan goiz mugitzen naiz oinez ibiltzera joateko eta batzuetan, okin ona izanen nintzatekeela erraten dut [irriz]. Ez dakit, ez dut argi.
  • Artista bat? Jako Pastorius baxu jotzailea.
  • Kantarik gustukoena? Kansasen Dust in the wind.
  • Kantak, letrarekin edo gabe? Letrei ez diet errepa-ratzen. Urte aunitzez baxuari bakarrik egin diot kasu. 
  • Oholtza bat? Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoa hagitz polita da. 
  • Norekin jotzea gustatuko litzaizuke? Edozeinekin. 
  • Musikan genero bat? Inprobisatzea eta musika sortzea gustatzen zait, eta musika instrumentala dut gustukoena.
  • Berako txokorik gustukoena? San Miguel zubia.
  • Zer eramanen zenuke Beratik Jerezera? Berara joaten naizenean sentitzen dudan maitasuna eta hurbiltasuna. Eta horrekin batera, berdetasuna, Bidasoa ibaia, Larhun mendia... Bera gustatzen zait, baina hemengo [Jerez] paisaia hori eta idor hau ere gustatzen zait.
  • Eta Jerezetik Berara? Jendearen bizipoza. Euskal Herrian hasieran hotzagoak gara, nahiz eta gero ireki. 
  • Hondartza edo mendia? Mendia.
  • Amets bat? Musikan ditudan ametsak egia bihurtzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun