1.519 bisitari hartu dituzte uda honetan Lesakako Tutismo Bulegoak eta Burdinaren Museoak ekainetik irailera, iaz baino %4 gehiago. Datak hartzen direnetik, bisitari kopuru altuena izan da uda honetakoa, baina Lesakako turismoa modu jasangarrian hazten ari da.
Jatorriari buruz, joera aldaketa bat izan da aurten. Orain arte, urtero bisitari atzerritarren kopurua abiadura altuan handitzen ari zen, baina uda honetan, kopurua %41ean jautsi da. Euskal Herriko eta hurbileko turismoa areagotu da aurtengo denboraldian, baita Bartzelonatik etorritakoak ere. Hala ere, nabarmentzekoa da jatorrian dibertsifikazio handia egon dela eta lurralde ugaritik etorri direla.Nafarroakoak ziren gehienak, Gipuzkoakoak ondotik eta Bartzelonakoak.
Horrez gain, hamalau bisita gidatu egin dituzte eta 307 pertsonek hartu dute parte, iaz baino % 28 gehiago. Bi bisita gidatu mota eskaini dituzte: lehenengoa, Lesaka: Gure Kulturaren Sorterria, herriko etxeak, eliza, historia eta tradizioak ezagutzeko; eta bigarrena, Lesaka: Pelikulen Eszenatokia, herrian filmatu diren pelikulak azaltzen dituena.
Estazionalitzatea gero eta txikiagoa dela azpimarratu du Turismo Bulegoko Asier Osesek: «Hilabeteen arteko aldea gero eta baxuagoa da. Bisitariak hilabete guztietan zehar banatzen hasi dira; izan ere, abuztuko datuak baxuagoak izan dira eta aldiz, ekaina, uztaila eta irailekoak, inoiz baino altuagoak. Datu hau hagitz positibotzat hartzen da, denboraldi turistikoa luzatzea lortzen ari delako, modu honetan masifikazioak ekidinez eta turista fluxuak modu egokian kudeatuz».
Bisitariek herriari eta eskualdeari buruz, erakusketa eta ekitaldien inguruan eta bizikleta eta mendi ibilaldiei buruz galdetzen dute, gehien bat. Azken urte hauetan, gorakada handia egon da eta gero eta gehiagok galdetzen dute Bizibideko BTT eta enduro ibilbideei eta Bidasoko Bide Berdeari buruz. Azkenik, egon dira ere Burdinaren Museoa bakarrik bisitatzera hurbildu direnak.
Bi erakusketa
Uda honetan komentuan bi erakusketa izan dituzte: abuztuan, Paco Pozo eta Pello Rotetaren akuarelak eta irailean, euskal pilotari buruzko erakusketa. Hauek ere, turismo bulegoko eta museoko bisitariak areagotu dituzte eta guztira, 350 pertsona baino gehiago izan dira erakusketak ikustera hurbildu direnak.
Bukatzeko, orain ,urritik aitzinera, denboraldi baxuan, Harriondoan dagoen Turismo Bulegoa eta Burdinaren Museoa itxita egonen dira. Hala ere, Lesakako udalak taldeentzako bisita gidatuak eskaintzen segituko du eta herriari eta zonaldeari buruzko
informazioa udaletxean eskainiko dute, aste tartez 07:30etik 15:00etara.