Bestak 2024

Giro ederrean joan dira aurten ere Igantziko bestak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 3a, 09:30

Jabier eta Iñigo Telletxea aita-semeek bota zuten txupinazoa, Simonbaitako garbitokia eta ondoko kisu labean egindako lana eskertuz

Aurtengo Igantziko bestak pasatu berri diren honetan eta bestondoari buelta emateko ahaleginetan dabiltzan honetan,  ezin aipatu gabe utzi Igantzin izan duten  giro bikaina. Euriak, Jabier eta Iñigo Telletxea aita-semeek botatako txupinazoaren ondotik gogor jo bazuen ere segidan eman zion eguzkiari erreleboa eta eguraldi ederra izan dute gainerako egunetan.

Buruilaren 27an, ortziralea, Jabier eta Iñigo Telletxeak  botatako txupinazoarekin sartu ziren besta giroan, aitzineko asteburuetan hasiak baldin baziren ere. Simonbaitako garbitokia (labaderoa) arront polita utzi dute Telletxeatarrek eta, ez hori bakarrik, ondoko kisu labea ere berreraiki eta moldatua dute eserleku eta guzti jarriz. Udalak, eskerrik handienak eman nahi izan dizkie eta, herriko bestetako altxaferoa ere beraiek botatzeko aukera eman die.

Txupinazoaren egunean, Goitibeherak, txaranga, Biltokiko afaria, musika… izan zituzten.

Larunbatean gaiteroen soinuarekin ernatu ziren igantziarra eta ondotik toka txapelketa, kankailu eta buruhandiak, herrik kirolak (herritarren arteko desafioa ere izan zuten urteroko gisan), elektro txaranga, arratseko betizuak, DJa…

San Migel eguna, igandea, goizeko dianekin hasi zuten eta txistulari eta ezpata dantzarien karrika buelta,  abesbatzak kantaturiko meza, dantzak, ikurrin agurra igoera, pilota partidak, muxikoak, suzko zezena, mariatxiak… 

Astelehenean eman zieten akabaila herriko bestei gazteen gosariarekin, txistularien karrika bueltarekin,  betizuetan eskainitako ikuskizunarekin, betiko Herri Bazkariarekin, haurren bazkariarekin, puzgarriekin, txarangarekin… pasa zuten eguna.

 

Eskolako haurren besta ttikiak

Eskolako haurrek ere besta ttikiak antolatu dituzte Herriko eskolan, beraien lan egiteko metodologiaren barrenean hainbat proiektu egiten dituzte eta oraingo honetan beraientzat Besta Ttikiak prestatu dituzte. Lan haundia egin zuten, egitarau oso bat antolatu baitzuten bi egunez (txupinazoa, musika, dantzak, txapelketa desberdinak, herri kirolak, pilotak partidak, bazkaria…). Buruilaren 26 eta 27rako prestatu zituzten ekintzaz beteriko egunak. Esku programa polita ere plazaratu zuten. Lan ederra egin zuten, ekitaldi hauek dakarten antolaketa lanak handiak direlako. Adibidez, esku programa osatzerakoan ere, ofizialaren berdina egin zuten, negozioen publizitatea bilduz, portadaren lehiaketa antolatuz… Lan bikaina!!

Lerro hauek bitartez, eskerrak aunitz beraien argazkiak partekatu dituen herritar orori!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun