Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak sakonki aztertu dituzte ikerlanean Martinek, Laitak eta Osuak. Epaimahaiaren arabera, «ikerketa osoa eta landua» aurkeztu du lantaldeak, eta gainera, «ikerketa teknika berritzaileak erabili dituzte, Haur Hezkuntzan egindako esplorazio esperimentala, kasurako».
Bortzirietako bortz herrietan aritu dira ikertzaileak lanean eta bildutako datuekin hainbat ondorio atera dituzte. Horietako garrantzitsuenak aurkeztu zituzten atzo.
Alde batetik, Bortzirietako ikasle gehienak D ereduan daudela ondorioztatu dute, baina aldi berean ohartarazi dute atzerritar aunitz nabarmen pilatzen direla A eta B ereduetan. Gainera, oro har, Bortzirietan etorkinek euskararekiko duten jarrera ona dela nabarmendu dute. Areago, gehienek euskara (gehiago) ikasi nahiko luketela ere ondorioztatu dute.
Migratzaileek euskararen balio instrumentala aitortzen dutela nabarmendu dute lanean, lana aurkitzeko lagungarria iruditzen baitzaie. Aldi berean, euskara ez jakiteagatik euskal kulturaren zati bat galtzen ari direla sentitzen dutela ere ondorioztatu dute. Gainera, etorkinek euskara ikasteko baliabideak ezagutzen dituztela bildu dute, baina baita euskara zaila den ideia hagitz zabaldua dagoela ere.
Etorkizunean esku hartzeko proposamen zehatzak egin dituzte ikerlanean eta migratzaileen integrazio linguistikorako erronka garrantzitsuak ere identifikatu dituzte. Integrazioarena alde biko prozesua dela nabarmendu dute. Alegia, ahalegina ez dagokiela bakarrik kanpotik etorri direnei, bertakoek ere saiakera egin behar dutela, eta erraterako euskaraz aritzeko espazio partekatuak eskainiz. Bertzalde, kultur eta kirol jarduerek garrantzi haundia dutela azpimarratu dute, elkarguneko baliagarri diren neurrian.
Ondorio horiei tiraka, euskara ikasteko berariazko ikastaroak eskaintzea proposatzen dute ikelariek, etorkinen ezaugarriak (ordutegia, lanbidea, bizilekua...) aintzat hartuta.
Bekaren helburua betea
Atzo egin zuten ikerlanaren aurkezpena Iruñeko Euskaltzaindiaren egoitzan, eta bertan, Jagon sailburu Sagrario Alemanek azaldu zuen bekaren bi helburuak bete dituztela azterlanaren bidez: Pello Apezetxea euskaltzale eta euskaltzaina omentzea alde batetik, eta Apezetxeak egindako ikerketei segida ematea bertzetik.
Bere aldetik, Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariaren hitzetan, «ikerketa lan zabala» egin dute bekadunek eta «Bortzirietan hizkuntza aniztasuna lantzeko eta aintzat hartzeko proposamen zehatzak» eskaini dituzte.