90 bat pilotari hasi dira Bortzirietako Pilota Eskolan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 1a, 08:30

Bortzirietako Pilota Eskolan ikasturtea hasi dute, eta hain zuzen, sasoiari hasiera emateko eta denboraldi honetako materiala banatzeko hitzordua egin zuten joan den ortziralean Berako Eztegara frontoian.

Argazkiak: Aitziber Abasolo.

Aurten 90 bat pilotarik parte hartuko dute Bortzirietako Pilota Eskolan, horietarik gehienak haurren kategorietan. Txikien, umeen, kimuen eta haurren artean 80 pilotari izanen dira. Horiekin batera, trebatze saioak gidatzen zazpi begirale ariko dira.

Gainerakoan, zortzi lagunek osatzen dute antolakuntza taldea, eta hainbat ardura dituzte: begiraleen arduraduna eta federazioarekin harremana, materiala eta dirulaguntzak lortzeko bi lagun, hiru lagun partidetan epaile lanak egiteko, ostatuaren arduraduna eta diruzaintzaren arduraduna.

Antolakuntzako eta begiraleen taldeko kide batzuk.

Joan den ortziraleko hitzorduan, pilotariei aurtengo jantziak banatu zizkieten, baita taldeko argazkia atera ere. Kamiseta zuriak Biok etxearen laguntzari esker egin dituzte eta jertseak Korta Anaiak eta Tec mac enpresen laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun