Urriaren 19an Lesakan eginen duten kantu zaharren egunerako txartelak salgai partu dituzte dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 1a, 11:00

Bertze zenbait lekutan egiten den bezala (argazkia Dantxarinean), Lesakan ere kantu zaharren eguna ospatuko dute.

Koxkontan eginen den bazkarirako txartelak urriaren 1etik 12ra eskura daitezke Telletxea estankoan eta Izarra okindegian, 55 eurotan

Kantu zaharren eguna antolatu dute lehen aldiz Lesakan, musikarekin eta kantuarekin harreman zuzena duten zenbait lagunek. Urriaren 19an izanen da. 12:00etan hasita karrikaz karrika ibiliko dira, musika lagun, Plaza Zaharretik Koxkontara. 14:00etan bazkaria izanen dute Koxkontan eta bertan parte hartuko dute Jalisco, Beñat Mitxelena eta Frantzisko Santxotena musikariek, Angel Mariezkurrenak eta Manolo Arozena eta Juan Mari Lopez bertsolariek. Txartelak 55 eurotan salgai paratu dituzte Lesakako Telletxea estankoan eta Izarra okindegian urriaren 1etik 12ra.

 

Maider Goizueta: «Euskal Herriko historiaren parte dira kantu zaharrak»

Maider Goizueta sustatzaileak aipatu digunez, ilusioa zuen horrelako ekitaldi bat herrian antolatzeko, «orain arte ez delako inoiz antolatu eta badakidalako publikoa badagoela joateko prest dagoena eta gogotsu. Batzuetan zailena antolatzea izaten da eta ni hasi nintzen, baina berehala animatu ziren bertze bortz lagun laguntzeko prest, beraz, aunitz erraztu didate bidea, egia erran».

Kantu zaharrak «Euskal Herriko historiaren parte dira –dio Goizuetak–, bertsoekin batera, gurea dugun zerbait». Horregatik, betidanik gustatu izan zaizkio, «nire etxean aitak bertso zahar pila bat kantatzen zituen, baita kantu zaharrak ere. Ttikia nintzenetik eskolan eta etxean aditu dudan zerbait izan da. Eta ni soinularia izanik, mahai inguruak ere probexten ditugu horretarako, hori baita modu bakarra galdu ez daitezen kanta hauek, gure ondotik heldu direnek ere aditzea eta kantatzen segitzea».

Soinulari taldeko eta abesbatzako kide da Maider Goizueta, akordeoia eta ahotsa, baina bere ustez, «doinu eder bat sortzeko ez dira beharrezkoak ez bata eta ez bertzea, baina kantatzeko hagitz inportantea da, gauza guziekin bezala, sentimenduarekin eta gogoz egitea, horrela errexago transmititzen baita, bai kantuetan eta baita bertsotan ere erran nahi duguna».

Gehienez ere 160 pertsonentzat tokia prestatu dute eta Euskal Parrila izanen da catering-a». Eskerrak eman nahi dizkie «proiektua aitzinera ateratzen lagundu didaten bertze bortz kideei, Angel Mariezkurrenari eta bere hirukoteari, bertsolariei eta Xabier Anduezari, bere espazioa uzteagatik. Espero dugu jendea gustura eta giro ederrean ibiltzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun