Auzolanean moldatu dituzte Berako Matzada futbol zelaiko aldagelak eta inguruak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 30a, 17:00

Belar artifiziala paratu zutenetik nabarmen igo da Gure Txokoan ari den futbolari kopurua eta eta aldagelak «zaharrak« eta «ttikiak» geldituak ziren. Horrez gain ostatua ere berritu dute eta komun bat egin dute atletismo pistan.

Duela zazpi urte belar naturala kendu eta artifiziala paratu zuten Matzadan eta horrek fitxa kopurua eta futbolean entrenatzen diren haurren kopurua nabarmen handitu du. 8 talde izatetik 14 talde izatera pasatu dira eta 135 fitxa izatetik 240 izatera, horietako 60 neskak. Talde horiek kudeatzeko behar diren teknikari kopurua ere izugarri handitu da, eta gaur egun 40 boluntario aritzen dira.

Erabiltzaile kopurua handitzeak, halabeharrez, instalazioak moldatzea ere eragin du, ordura arteko aldagelak murritzak gelditzen baitziren. Aldagelek 30 urte zituzten, egoera txarrean zeuden eta atletismo pistatik ura sartzen zen. 

Aldagelak berritzeko auzolanean aritu dira elkarteko kideak. Alde batetik aldagelak inpermeabilizatu ditu udalak, eta behin hori eginda, auzolanean lehengo hiru aldagelak bortz bihurtu dituzte. Gainera, atletismoko pistan komun bat paratu dute, eta baita taberna txiki bat egokitu ere. 

Lerro hauen bidez auzolanean aritutako enpresak eta norbanakoak eskertu nahi ditu Gure Txokoak. «Eskerrik asko Ibardin, Martiko, Sasoi, Venta Biok, Ugaldea, Tximistindar Berri, Venta Peio, Basketxea, Legazkue, Sutondo, Hirukide, Bortziriak, Pikabea harategia, Venta Gora, Errandonea edariak Sarobe, Indarri, Kirolak Zela, Errekalde, Miljar, Enbor, Patxi, Jose, Aitor, Rafa eta gainerako guztiak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun