Berako Udalak galdetegi bat prestatu du auto elektrikoen zerbitzu partekatuan dagoen interesa aztertzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 27a, 19:00

Nafarroan auto elektrikoak partekatzeko kooperatiba da KarKarCar.

Berako Udalak partekatutako auto elektriko bat partekatzeko esperientzia pilotu batean parte hartzeko proposamena jaso du KarKarCarren eskutik. Partekatutako auto elektrikoen proiektuak bultzatzen dituen Nafarroako Kooperatiba da KarkarCar. Zerbitzuak izan dezakeen interesa aztertzeko galdetegi bat prestatu dute, eta herritarrei dei egin diete erantzuteko.

Zerbitzuaren inguruko xehetasunak ere eman ditu udalak. KarKarCarrek Berako Udalaren esku jarriko luke udal langileek eta Berako biztanleek erabiltzeko auto elektriko bat, autoa erreserbatzeko mugikorreko aplikazio sistema bat erabiliz. Udalak dirulaguntza emanen lioke urtero kooperatibari, auto elektrikoa udal erabileragatik eta beratarren eskura jartzeagatik. 

Zerbitzua erabili nahi dutenek 60 euroko ekarpen bakarrarekin elkartu beharko lukete kooperatibarekin, eta bazkide izateari utziz gero, itzuli eginen litzateke. Gainera, autoa erabiltzeko tarifa bat ordainduko lukete, autoa zenbat ordutan edo egunetan erabiliko litzatekeen kontuan hartuta. Tarifa horiek proiektua sinatzeko unean zehaztuko lirateke, eta orduko 4eurotik asteburuko 60 euroraino  izan litezke.

Tarifa horretan autoaren gastu guztiak sartuko lirateke, beharrezko energia elektrikoa barne, eta arrisku orotako aseguru bat frankiziarekin. Gainera, kooperatibak ibilgailuaren mantentze-gastuak, aseguruak eta abar bere gain hartuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun