Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Energia eolikoa: diruaren ibilbidea

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 29a, 11:00

Etxalarko Haizeak Bizirik taldeko Matthias Krüger eta Irantzu Piquerok Vestas salatzen duten artikuluak bildu dituzte hemen. Vestas Zelena Renovablek gure eskualdean ezarri nahi dituen turbinen fabrikatzailea da.

Zelena Renovablek Vestasen turbinak erabili nahi ditu Bortzirietan eta Malerrekan ezarri nahi dituzten proiektu eolikoekin. Asko gustatuko litzaiguke entzutea nola justifikatzen duten Nafarroako Gobernuak, Zelena Renovablek eta haren jatorrizko enpresak, Brookfieldek, mundu osoko prentsa ofizialaren titularretan agertzen den enpresa horrekin duten harreman adeitsua. Vestasek Danimarkan du jatorria, Australiatik Estatu Batuetara ere bidaiatzen du, baita Kenya, Irlanda eta beste herrialde batzuetara ere, ustelkeria, prebarikazioa, medikuak eta eroskeria eta dokumentuak faltsutuz, jendea engainatuz beren turbinek eragiten dituzten gaixotasunei buruz, bertzeak bertze.

Jakin nahi genuke, halaber, alderdi politikoek, berdin dio zentrokoak, eskuin edo ezkerrekoak izan, eta haien artalde sasi-ekologistek, nola justifikatzen eta babesten duten berriztagarriak jartzea: horrela, Berriztagarri Elektriko Industrialen krimenen, indarkeria kolonialistaren eta jarduera mafiosoen historia honen konplize bihurtzen dira. Vestasen kasua ez da salbuespena: Statkraft ahizpa norvegiarrak, orain Gipuzkoan inguruko lurraldeak erasotzen ari denak, adibidez, oso antzeko ibilbidea du, eta ziur gaude beste konpainia guztiek bide bera jarraitzen dutela, interesatzen zaien bakarra: diruaren ibilbidea.

Vestas, turbina eolikoen fabrikatzailea, Danimarkako konpainia bat da, eta bere lege-irregulartasunen nazioarteko historia luzeak sorterrian, Danimarkan, ekoitzitako telesail bat inspiratu du: Diruaren ibilbidea (Jatorrizko izenburua Bedrag da, hau da, iruzurra). Langile migratzaileen esplotazioa, prebarikazioa, estortsioak, diru publikoa bereganatzea, iruzurrak... Entretenimendua (igandeetako krispetak laguntzeko) mafia-makroberriztagarriei buruz, noir-nordikoa hain modan dagoen garai honetan. Egia esan, lehen minututik azkenera arte mota horretako enpresen erabateko salaketa da, emakidarik gabe.

Siemens-Gamesak bezala, Vestasek urteak daramatza gainbeheran: milioikako galerak, fabrikazioan akatsak, erretzen diren turbinak, fabriken itxiera eta, jakina, mundu osoko industria berriztagarrien proiektuen kontra altxatzen diren landa komunitateen erresistentzia topatzen. Enpresa horien agresioa haunditzen baita egunero, baina gu ere, gero eta gehiago gara mehatxu horri aurre egiteko.

Australian Vestas ezaguna da iritzi sortzaile gazteengan milaka dolar inbertitu dituelako, eta elkarte ekologista eta alderdi politiko berdeak erosi dituelako, energia eolikoari buruzko propaganda egin dezaten. Gure inguruko esatari sasi-ekologistak irakurrita, geure buruari galdetzen diogu ea gure eskualdean eta Euskal Herri osoan ez ote diren gauza bera egiten ariko, eta noiz aterako den argitara.

Proiektu eoliko horien aurkako gizarte gaitzespena hain handia da, ezen Ipar Irlandan kaputxadun gizon armatu batzuk makroproiektu horietako baten ingurura hurbildu baitziren, langileak mehatxatuz. Larritasuna hainbesterainokoa da, non jendea prest baitago bizitza arriskuan jartzeko eta bertze batzuena mehatxatzeko, enpresa horiek beren makroproiektuak etxetik hurbil eraiki ez ditzaten.

Kenya iparraldean, Vestas ezaguna da Lake Turkana Wind Power proiektuaren kasuagatik. Horren arabera, herritarrei dirua eta enplegua agindu ondotik, miseria, prostituzioa, alkoholismoa eta gaixotasunak baino ez zituen eraman, komunitate indigena horri bere lurrak legez kanpo kenduz. Statkraftek Sami eta Maputxe komunitateetan egin bezala, badirudi enpresa horiek gurea bezalako komunitateenganako joera dutela: idiosinkrasia propioarekin, ingurumen, kultura eta sinbolo balio handiko lurralde naturaletan finkatuta.

Era berean, Danimarkan, Vestasen eta Danimarkako Parlamentuaren arteko ustelkeriak egunkarietako kroniketan argitaratu ziren joan den hamarkadaren erdialdean, Østerildeko komunitatean dorre eolikoak esperimentatzeko planak onartu zirenean.

Massachussetsen, Estatu Batuetan, Vestas hainbat auzitan sartuta dago, bere ekintza ustel eta ilegalen ondorioz. Bere analisi faltsuak ere hor daude, euren turbinek eragindako zaratak eta infrasoinuak benetakoak direla ukatu izan dituztenak, eta adituak ere erosi izan dituzte bere aldarrikapenak berma zitzaten, Haize Turbinaren Sindromeak gaixotutako ehunka pertsona isilarazteko.

Bien bitartean, sarea albistez josita dago, sutan edo kolapsatuta dauden Vestas turbinen irudiekin eta bideoekin. Hemen, hemen, hemen eta hemen ikus ditzakezue.

Turbina horiek Danimarkan modu oldarkorrean ezartzearen ondorioz, zenbait adituk eta medikuk, hala nola Jesper Hvass Schmidt MD PhD doktoreak, otorrinolaringologian espezialista Danimarkako Hegoaldeko Ikerketa Institutu Klinikoan, Odenseko ospitalean ere bai, Danimarkan, eta Mads Klokker doktoreak, otorrinolaringologoa Kopenhageko Unibertsitate Ospitalean, eta Kopenhageko Unibertsitateko irakasle elkartuak, azterketa sakonak egin dituzte turbina horiek ezarri dituzten komunitateetako biztanleengan insomnio arazoak sortzen dituztela frogatzeko, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Bortzirietatik eta Malerrekatik proiektu hauek geldiaraztea eskatzen dugu, luzamendutan ibili gabe. Makroberriztagarrien krimena gelditu egin behar da. Konplizeek barkamena eskatu beharko lukete ofizialki, eta errotak desmuntatzen hasi.

Aski da administrazio indarkeriarekin.

P.D.: Eta bitartean Hamaikak bere hamazazpigarren herria bisitatu du, eta laster Iruñean ikusiko dugu, NEE/TEN eta Sustrai Erakundeak antolatutako topaketetan. Bortzirietan eta Malerrekan, Euskal Herriko prentsan dabil ia egun guztian... Makroberriztagarriak? Ez, hemen, ez inon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun