Lexuri AROTZENA PORTU

«Beti izan dut buruan urte batez kanpora joatea»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 28a, 08:00

Bigarren Batxilergoa bukatu eta Suitzara joan da au pair Lexuri Arotzena Portu lesakarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Kozinatzea aunitz gustatzen zait. Bertzetik, hizkuntzak ttikitatik gustatu zaizkit, ingelesa bereziki, eta aurten frantsesa hobetzeko bidean nago.

Batxilergoa bukatu eta Suitzara joan zara au pair. Zergatik?

Beti izan dut buruan urte batez kanpora joatea, eta institutua bukatzean aukera ikusi dut. Bertzetik, ez nekien seguru zer ikasi nahi nuen unibertsitatean, eta ziur ez nagoen karrera batean sartu baino, nahiago nuen horrelako esperientzia bat bizi.

Zergatik aukeratu duzu Suitza?

Frantsesa ikasi nahi nuelako, eta au pairrek hemen baldintza nahiko onak ditugulako.

Gazteek ikasketak aukeratzeko presio haundia duzue?

Alde batetik bai, baina, aldi berean, ez. Gehienok presioa sentitu dugu ikasketak aukeratzeko, behar dugun nota lortzeko… baina aldi berean, nik erabaki hau hartzean, inork ez nau gibelera bota. Kontrakoa, denek animatu naute, ez dut presiorik sentitu karrera batean sartzeko.

Zerk harritu zaitu gehien Suitzan?

Prezioak ez direla hain altuak. Aditua nuenagatik, pentsatzen nuen ez nuela deus erosteko aukerarik izanen. Egia da garestixeagoa dela, baina ez da horrenbertzekoa.

Zer du Suitzak Euskal Herriak ez duenik?

Aunitzez anitzagoa dela; bizi naizen herri ttikian hainbat portuges, italiar, latinoamerikar, aleman… bizi dira.

Eta alderantziz?

Euskal Herrian nire familia, lagunak eta etxea daude, betitik egon naizen lekua.

Zein dira au pairraren zereginak?

Familia baten etxean bizi naiz, eta nire zereginak haurrekin eskolara joatea, bazkaria egitea, bazkalorduan eta arratsaldeetan beraiekin egotea, eskolaz kanpoko jardueretara eramatea… dira. 

Nolako esperientzia izaten ari da?

Hau idaztean hiru aste bakarrik ditut hemen, baina, oraingoz, hagitz ona. Familiarekin ongi moldatzen naiz, lekua hagitz ongi dago, lana gustatzen zait eta oraingoz, bederen, ez zait sobera gogorra egin etxetik kanpo egotea.

Zure asmoak epe motzera?

Frantsesa hobetzea eta ingurua ezagutzea; Lausana hiria hagitz polita omen da.

Eta epe luzera?

Esperientzia berri bat bizitzea, independentea eta arduratsua izaten ikastea eta hemengo kultura eta lekuak ezagutzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun