Larunbat goizean plater tiraketako txapelketa egin zen, baita honi lotuta egiten den gosaria ere. Ihizturien bordan egin zuten gosari ederra eta txapelketari dagokionez 21 partaide aritu ziren. Xabi Almandoz Aiertza suertatu zen garaile.
Hau mendian gertatzen zen bitartean, herrian, frontenis txapelketetako finalak jokatu zituzten. Helduen artean, Peio Migelena Valverde eta Jokin Mitxeo Etxeberria, Urko Sainz Matxikote eta Josu Iturbide Ibarraren kontra aritu ziren eta lehenbizikoak garaile izan ziren.
Gaztetxoei dagokionean, berriz, Amane Obeso Sein eta Urko Telletxea Sein, Unax Urtxegi Rodrigo eta Ander Sarasola Zelaietaren kontra aritu ziren eta Amane eta Urkok irabazi zuten partida. Ondotik, Biltoki Elkarteak beraientzat prestatutako bazkariaz disfrutatzeko aukera izan zuten izen eman zuten pilotari guztiek.
Mus eta partxis txapelketak ere
Baratzondo elkartean ere Mus eta Partxis txapelketa berezia antolatua zuten. 16:00tan zuten hitzordua eta hiru bikotek parte hartu zuten musean eta sei, berriz, partxisean. Museko irabazleak Jabier Taberna eta Patxi Loiarte izan ziren eta partxisean berriz Anuntxi Txoperena eta Kontxita Vicentek eraman zuten lehenbiziko saria.
Arratsean Dantza Taldeak saio ederra prestatu zuen. Eguraldi kaxkar xamarra izan arren, emanaldi ikusgarria izan zen. Dantzari ttiki, ez hain ttiki, gazte eta helduak ikuskizun polita eman zuten entseatutako dantzak aitzinera dotoreziaz eskainiz. Urte guztian egindako lanaren fruituak ederrak izan ziren.
Gaztarik onena Bordazabalkoa
Igandean berriz, goizean, herria txistu soinuan ernatu zen eta ondoren, eguerdian aurtengo Gazta lehiaketa ospatu zen. Zortzi gazta eder aurkeztu ziren hemeretzigarren edizioko lehiara eta epaimahaiak ebatzi zuen denetan onena Bordazabalko Frantxiska Apeztegia izan zela. Bigarren saria Argatagaraiko Elena Retegik eraman zuen eta hirugarrena, berriz, Argiñen bordako Karmen Larraldek.
Arratsaldean herriko trikitilari gazteek ere karrikabuelta egin zuten Kankailu eta buruhandiekin batera, besta giroa herri osoan hedatuz. Ondotik beraien emanaldia ere egin zuten.
Igandeari akabaila emateko opilak eta gaztak dastatzeko aukera izan zen. Goxoak batzuk eta bertzeak. Besta giro ederrean joan zen asteburua.