Bortzegunean parte hartzeko gonbita egin du Bor-borrek

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 24a, 12:00

Iragarri bezala, Bortzeguna edo Bortzirietako Euskaltzaleen Eguna antolatu dute urriaren 12an Etxalarren. Egun osoko egitaraua prestatu du Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak, eta egunari begira parte hartzeko deia egin du.

Alde batetik, herri kiroletarako eta jokoetarako «herri bakoitzetik 30-60 lagun» behar dituzte, «haurra, gazteak eta helduak». Hiru mailatan banatuko dituzte parte hartzaileak: Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak; DBHko ikasleak; eta 16 urtetik goitiko guziak. Parte hartzeko aitzinetik eman beharko da izena, bazkarirako txartelak saltzen diren guneetan edota lotura honetan.

Bertzetik, ekitaldia antolatzeko jendearen laguntza eskatu du Bor-borrek, aitzinetik muntatze lanak egiteko, txosnan txandak egiteko, bazkaria zerbitzatzeko, garbiketa lanetarako... Laguntzeko prest denak lotura honetan ematen ahal du izena.

Horrekin batera, bazkarirako txartelak irailaren 30era arte izanen dira salgai Pabloenean (Arantza), Agaran (Bera), Elutsan (Etxalar), Estankoan (Igantzi) eta Arranon (Lesaka). Helduen menua 30 eurokoa izanen da, eta haurrena, berriz, 15 eurokoa.

Egitaraua
  • 10:00etan Bortzirietako txistularien diana.
  • 11:00etatik aitzinera, herri kirolak eta jokoak.
  • 13:00etatik aitzinera Euskara karrikaren bueltan kalejira. Bortzirietako trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, karrikaz karrika ibiliko dira, antzerkia, musika, bertso eta hitzen bidez euskararen egoera agerraraziz. Bukaeran, adierazpena irakurriko dute.
  • 14:30ean Etxalarko herriak prestatutako asaua bazkaltzeko.
  • 17:30ean Jeiki-Hadi taldearekin dantzaldia.
  • 19:30ean Alarma Morea taldearen kontzertua.
  • 21:00etan Fifi&Fefa Lesakako DJak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun