[ARGAZKIAK] Lehengo eta oraingo kirolariak bildu ditu Lesakako Sokatira Egunak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 23a, 11:00

Larunbat goizean haurren proba konbinatua eta lehengo eta oraingo tiralarien arteko lehiak izan ziren plazan eta gero 50 lagun bildu ziren KoXkontako bazkarian

Beti Gazte elkarteak antolatuta Sokatira Eguna ospatu dute larunbatean Lesakan. Beti Gazte sokatira taldearentzat urte berezia izan da aurtengoa, 25 urteren ondotik berriz ere munduko txapeldunak izan baita. Hori aitzakiatzat hartuta sokatira kirolari eta zale guziak elkartu eta elkarrekin ospatu nahi izan dute.

Honela, goizean, haurren proba konbinatua egin dute plazan, eta gero, «garai zaharrak gogora», lehengo eta oraingo tiralarien arteko sokatira tiraldiak izan dituzte. Poteo musikatua egin zuten ondotik eta gero, 50 bat lagun bildu ziren Koxkonta jatetxean egindako bazkarian. Gehienak, 1992tik honat Beti Gazte sokatira taldean aritutakoak ziren, baina aipatzekoa da 1970. hamarkadan Bidasoko txapeldun izan zen Lesakako sokatira taldean aritutako Felipe Arozamena ere bazkarian izan zela. Beraz, lehengo eta oraingo sokatira kontuak hizpide izan zituzten mahai inguruan. Beti Gazteko Ander Abuin presidentea eta Argiñe Ordoki zuzendaritza batzordeko kidea ere izan ziren bazkarian. Bazkalondoan, Beti Gazte sokatira taldearen historiaren laburpena egiten duen bideo hunkigarria ikusteko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun