‘Lau elementuak’ film laburren emanaldia izanen dute Lesakan igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 20a, 19:00

Pette Etxebarriak 'Oiogorri' film laburra sortu du Antzuolan eta Aiherran.

Geuretik Sortuak proiektuko bigarren edizioan sortutako lau film ikusgai izanen dira 19:00etan hasita Harriondoan

Lau elementuak film laburren emanaldia izanen dute irailaren 22an, igandean 19:00etan hasita Lesakako Harriondoa kultur etxean. Lau film laburrez osatutako emanaldi honek Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuko bigarren edizioaren barrenean zinema-lanak barne hartzen ditu. Euskal Herriko hainbat txokotan sortutako lau istorio, bakoitza bere ahots eta kontakizun propioarekin.

Arrigurik <3 sortu du Uharten, Alba Lozanok Ütlandsk Oiartzunen, Aitzol Saratxagak Ehiza Legution eta Pette Etxebarriak Oiogorri Antzuolan eta Aiherran. Horiek dira Lau Elementuak.

 

< 3

Arriguri (Bizkaia)

Biografia: Arriguri azken urteotan Euskal Herrian bazterrak nahasten dabilen zuzendari taldea da, ekoiztetxe edo kooperatiba txiki forman osatua, bere lan propio zein enkarguak aurrera eramateko.
Euskal ekosistema kulturalaren baitan jaiotako proiektua izanik, gure lanik gehienak inguruko honetako proiektu sozial eta artistikoei ikus-entzunezko babesa ematean oinarritu da. Nahiz eta lan esperientzia guzti hauetan fikzioarekin eta diziplina zinematografiko desberdinekin etengabeko kontaktua izan, Geuretik Sortuak-en bekari esker, izan dute fikzioan buru belarri murgiltzeko lehen aukera, Uharten. Arriguriren lanak www.arriguri.com helbidean daude ikusgai.

Sinopsia: Arga ibaian gorpu bat agertu da. Inork ez du faltan bota, ez bere desagerpena salatu. Ana detektibearentzat ohiko beste lanegun bat izango dela badirudi ere, lehenengoz biziko ditu bere herrian lan egitearen desabantailak. Izan ere, susmoa du bere alaba Eukenek zerbait jakin dezakeela. Hurrengo egunetan Ana pistak biltzen joango da. Hildakoaren etxean aurkitutako zinta zahar batean bere alaba nerabearen irudiak agertuko dira, biluzik. Momentu horretatik aurrera Anak erabakia hartu beharko du: polizia ona edo ama ona izan.

 

ÜTLANDSK

Alba Lozano (Barakaldo, 1996)

Biografia: Alba Lozanok Zinematografia Zuzendaritza ikasi zuen ECPVn eta UDDn (Txile), EHUn Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten zuen bitartean. Bere GBL Plunge Zinemakumeak Gara! film laburren erakusketaren parte izan zen. Zuzendaritza Masterra ikasi zuen ESCACen, eta bi urte geroago Dokumental Masterrean beka jaso zuen eskola berean. Bere azken film laburrak, Non Grata filmak, nazioarteko 12 sari irabazi ditu, besteak beste: Alacanteko Zinema Jaialdian fikziozko film labur onenaren saria, Paternako Zinema Jaialdian film labur onenaren saria eta Ibizako Zinema Jaialdian gidoi onenaren saria. Albak, besteak beste, Itxaso, El Internado, Las Cumbres, Machos Alfa, Balenciaga eta Ángela lanetan Script bezalako proiektuetan hartu du parte. ECPVn ere irakasle da Zinematografia Zuzendaritzan.

Sinopsia: Esti (24), Suedian 6 urte egon ondoren, Oiartzunera itzuli da. Bere buruari bere jaioterrira itzuliko ez zela agindu bazion ere, ezegonkortasun ekonomikoak eta lan-prekarietateak itzultzera behartzen dute. Oiartzunera iritsi bezain laster, Suediara bueltatzeko dirua biltzen hasiko da. Horretarako, amaren arrandegian lan egitea eta herriko jaietan txosnetan parte hartzea onartzen du. Amarekin bizitzea zaila da, eta ez du koadrilarekin berriro elkartu nahi. Atzerrian egon den bitartean aldaketa esanguratsuak izan dituen arren, itzultzean herriak aldaezin jarraitzen duela konturatzen da, eta Esti ez dago egokitzeko prest.

 

Oiogorri

Pette Etxebarria (Olorue, 1985)

Biografia: Pette Etxebarria, Olorue 1985. Margolaria, bideasta eta arte plastikoetan irakaslea da. Lyoneko Arte eder eskolan lizentziatua eta Leioako arte ederren fakultatean masterra lortu du. Audiobisualetan eta pedagogian ari den atelier batean ari da. Mendikotan egoitza duen Uztaro atelierrean, Xiberoan.

Sinopsia: Agustinek bere oiloa galdu du, Oiogorri. Bilbotik abiaturik, mendiak eta oihanak zeharkatuko ditu Oiogorri aurkitu arte. Zeruan agertu den izar gorri batek trabak jarriko dizkio bere ibilbidean.

 

Ehiza

Aitzol Saratxaga Saenz (Bilbo, 1995)

Sinopsia: Euskal Herria, XIX. mendea. Eneko eta Manuel apaizak herrixka txiki batera iritsiko dira Mateo Txistu erretorearen desagertze misteriotsua ikertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun