Berako turismo bulegoa eraberritzeko dirulaguntza hartu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 19a, 19:00

Julio Caro Baroja Kultur Etxeko lehen solairuan dago turismo bulegoa.

Udalak 21.009,62 euroko dirulaguntza hartu du Europako Next Generation funtsetatik, Beran herriguneko turismo bulegoan moldaketa lanak egiteko. Azken aldian hainbat ekintza egin dituzte Kultur Etxean dagoen turismo bulegoa ikusgarriagoa bihurtzeko eta dirulaguntzarekin turisten harrerarako bulegoa eraberritu nahi dute, espazio haundiagoa eskainiz, irisgarriagoa eta erosoagoa izateko.

Gainera, Ibardinera ailegatzen diren turistak herrira erakarri nahi ditu udalak turismo jasangarri baten aldeko apustua eginez, turismoak herrian, gizartean, kontsumoan, kulturan eta ingurumenean duen eragina ikusita.

Bulegoa eraberritzeaz gain, turismo teknikari bat kontratatu nahi dute. Udaberrian egin zuten lehen deialdia, eta hutsik gelditu zenez, udazkenean eginen dute bigarrena. Izangaiek turismo ikasketak izan beharko dituzte, eta helburua diagnostiko eta azterketa batetik abiatuz, herriko turismo plana idaztea izanen da.

Hasiera batean kontratuaren iraupena sei hilabetekoa izanen litzateke. Izangaiek idatzizko proba eta proba praktikoa egin beharko dute, eta merezimenduak ere kontuan hartuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun