Beti Gaztek antolatutako Sokatira Eguna ospatuko dute larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 19a, 14:00

1992tik honat 150 kirolari baino gehiago aritu dira Beti Gazte sokatira taldean. Munduko klub arteko txapelketan urrezko hamar domina lortu ditu, lehena 1999an, duela 25 urte eta azken bortzak aurten.

Beti Gazte elkarteak antolatuta Sokatira Eguna izanen dute irailaren 21ean Lesakan. Beti Gazte sokatira taldearentzat urte berezia izan da aurtengoa, 25 urteren ondotik berriz ere munduko txapeldunak izan baitira. «Hori aitzakiatzat hartuta sokatira sale guziak elkartea eta elkarrekin ospatzea gustatuko litzaiguke», dio Beti Gazte sokatira taldearen oharrak.

Lehenagotik ere hainbat lesakar arituak ziren sokatiran, baina 1992an Beti Gazteren izenean lehiatzen hasi zirenetik «150 lagun baino gehiago pasa dira taldetik, 80 bat emakume eta 70 gizonezko, eta horiek denei gonbidapena bidali diegu. Dena den, bazkari irekia da», aipatu digu Iñigo Altzugarai tiralariak.

 

Egitaraua

11:00etan haurren proba konbinatua. Ondotik, "Garai zaharrak gogora", lehengo eta oraingo tiralarien arteko sokatira saioa. 13:30ean poteo musikatua Maulatik. 14:30ean Bazkaria Koxkontan. Ondotik, bideo emanaldia oraingo eta lehengo irudiekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun