Errexil bertso sariketan ariko dira Josu Sanjurjo eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 18a, 10:00

Urruñan jokatuko duten sariketan kantari ariko dira Lesakako bi bertsolariak.

Juan Jose Eizmendi Goenaga 'Errexil' bertsolaria gogoan Errexil sariketa jokatuko dute irailean eta urrian Urruñan. 12 bertsolari ariko dira kantuan sariketan, eta tartean dira eskualdeko bi: Josu Sanjurjo eta Maddi Ane Txoperena lesakarrak.

Irailaren 20an eta 27an jokatuko dituzte kanporaketak, eta urriaren 4an, aldiz, finala. Saio denak Urruñako Posta gelan jokatuko dituzte 19:00etan hasita.

Irailaren 20ko saioan Maddi Ane Txoperena lesakarra, Ramuntxo Christy, Eneko Lazkoz, Oihane Perea, Eneritz Artetxe eta Aitor Servier bertsolariak ariko dira eta gaiak ematen Amaiur Lujanbio ariko da.

Bigarren kanporaketa irailaren 27an jokatuko dute eta bertan Josu Sanjurjo lesakarraz gain, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarasua, Aissa Intxausti eta Miren Artetxe ariko dira. Gaiak ematen Xalbat Alzugarai ariko da.

Finalean aldiz sei bertsolari ariko dira Aritz Bidegainen aginduetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun