Organo kontzertua izanen dute irailaren 20an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 18a, 08:00

Jesus Gonzalo Lopez organistak, Jose Luis Echechipiaren laguntzaz kontzertua emanen du ortziralean Lesakako elizan.

Ortziralean 19:00etan San Martin elizan hasiko den emanaldian Jesús Gonzalo Lopez organistak joko du, Jose Luis Echechipiaren laguntzarekin

Lesakako Roqués Organoaren Lagunak elkarteak antolatuta, Organorako Musika Nafarroan zikloaren 40. edizioaren barrenean, organo kontzertua eskainiko du Jesús Gonzalo López organista eta ikertzaileak, Jose Luis Echechipia organista eta lagunaren laguntzarekin, Eslava eta bere ikasleak, organorako Espainiako eskola erromantikoa goiburupean, irailaren 20an, ortziralean 19:00etan hasita, San Martin elizan.

1853 eta 1883 urteen artean argitaratutako lanak joko dituzte, zenbaitetan Gonzalok eta Echechipiak lau eskutara eta Nafarroako zikloaren lehen emanaldia izanen da. Pantaila handi batean proiektatuko diren kontzertuaren irudiekin batera, Roqués organoaren (1893) soinuaz gozatu ahal izanen dute, zaharberritze eredugarri baten ondotik. Zaharberritze horrek aberastasun eta nortasun handiko instrumentu baten ñabardura sotilenak erakutsi dizkigu, eta organo iberiar erromantikoan erreferente izatera deitua dago, bere ezaugarri bereziengatik, ez bakarrik Nafarroan, baita gure mugetatik haratago ere.

Jesus Gonzalo organista ez ezik, funtsezko ikertzailea da organo barroko iberiarraren ikerketan, eta musika-ibilbide bat eskainiko du, musika-tresnaren bilakaerari eta organo-egile handien lanari buruzko azalpenekin batera, hala nola Roqués, Monturus eta Amezua. Lesakako San Martin elizako organo zaharberritua berriz ezagutzeko aukera ere izanen da, organo iberiarraren esentzia gordetzen baitu.

Jose Luis Echechipía, Organorako Musika Nafarroan zikloko zuzendari artistikoa era bada eta aurkezpenean azpimarratu zuenez, 40. urteurrena une berezia da: «Gure organo-zikloa espainiar estatuko beteranoenetakoa da gaur egun. Denbora honetan, gure organo-ondareak duen balioa zabaltzearen aldeko tresna garrantzitsuenetako bat izan da. Gaur egun, gerora sortutako bertze organo jaialdi batzuek begiratzen duten erreferentzia da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun