Udako geldialdiaren ondotik, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak antolatzen duen Nafarroako Kopako Mendi Lasterketa proba jokatu zen igandean Agoitzen, Agoizko mendi lasterketa hain zuzen. Emakumeen artean, 21,5 kilometro luze eta 1.400 metroko desnibel positiboa zuen lasterketa bukatzen lehena, Soronea Amma taldeko Ane Elzaurdia beratarra izan zen. Bi ordu, 19 minutu eta 55 segundo aski izan zituen Elzaurdiak, bigarren izan zen Portugaleteko Eztizen Duquek 17 minutu eta 22 segundo gehiago behar izan zituen (2.37.17) eta Zarauzko Nerea Amilibia beteranak osatu zuen podiuma (2.40.24).
Aipatzekoa da Ane Elzaurdiak egindako denbora, sailkapen orokorrean, gizonezkoak ere kontuan hartuta, zortzigarren izan baitzen. Gizonezkoetan Iñigo Macias nagusitu zen (1.56.35), denbora berean sartu ziren Eneko Esparzaren eta Ioar Tabarren aitzinetik (2.01.21).
11 kilometroko proba laburrean Joseba Erro eta Izaskun Olleta nagusitu ziren.