Bortzirietako euskaltzaleen besta urriaren 12an Etxalarren eginen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 13a, 19:00

Bortzeguna izena paratu diote egunari, eta Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatuta, adin guzietako jendearentzako egitaraua prestatu dute. Ekitaldia antolatzeko laguntza eskatu dute.

Bortzirietako euskaltzaleak «giro onean eta alaitasunean, elkar ezagutzan sakonduz» biltzeko helburuarekin, Bortzeguna antolatu du Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak. Horrekin batera, «herrien arteko harremanak sakondu, euskararen egoera ikusarazi, eta herritarrak aktibatu» nahi ditu Bor-Borrek Bortzirietako euskaltzaleen besta honekin. Urriaren 12an izanen da, Etxalarren. Hala ere, urtero-urtero Bortzirietako herri batean egiteko asmoa dute.

Egitaraua

Egun osoko egitaraua antolatu dute:

  • 10:00etan Bortzirietako txistularien diana.
  • 11:00etatik aitzinera, herri kirolak eta jokoak, herrien arteko lehia. Hiru mailatan banatuko dituzte parte hartzaileak: batetik, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak; bertzetik, DBHko ikasleak; eta azkenik 16 urtetik goitiko guziak. Herri bakoitzak talde bana osatuko du kategoria bakoitzeko, eta talde bakoitzak hamar eta hogei lagunen artean izan beharko ditu, emakume eta gizonen artean oreka gordez. Zein joko izanen diren egun berean jakinaraziko dute. Parte hartzeko aitzinetik eman beharko da izena, bazkarirako txartelak saltzen diren guneetan edota lotura honetan.
  • 13:00etatik aitzinera Euskara karrikaren bueltan kalejira. Bortzirietako trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, karrikaz karrika ibiliko dira, antzerkia, musika, bertso eta hitzen bidez euskararen egoera agerraraziz. Bukaeran, adierazpena irakurriko dute.
  • 14:30ean Etxalarko herriak prestatutako asaua bazkaltzeko. Txartelak irailaren 30a baino lehen erosi ahal izanen dira. Pabloenean (Arantza), Agaran (Bera), Elutsan (Etxalar), Estankoan (Igantzi) eta Arranon (Lesaka). Helduen menua 30 eurokoa izanen da, eta haurrena, berriz, 15 eurokoa. Bazkalondoan bingoa.
  • 17:30ean Jeiki-Hadi taldearekin dantzaldia.
  • 19:30ean Alarma Morea taldearen kontzertua.
  • 21:00etan Fifi&Fefa Lesakako DJak.

Egun osoan txosna irekia izanen du Bor-Borrek, eta afalorduan ogitartekoak jateko aukera izanen da.

Antolaketan laguntza

Ekitaldia antolatzeko jendearen laguntza eskatu du Bor-borrek, aitzinetik muntatze lanak egiteko, txosnan txandak egiteko, bazkaria zerbitzatzeko, garbiketa lanetarako... Laguntzeko prest denak lotura honetan ematen ahal du izena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun