Doluari buruzko hitzaldia izanen dute asteazkenean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 14a, 10:00

Maiatzean solasaldi bana egin zuten Beran eta Igantzin. Irudian Igantziko solasaldira hurbildutako herritarrak.

Irache Fundazioak antolatuta, doluari buruzko solasaldia izanen dute Beran heldu den asteazkenean, hilaren 18an. 'Bizitza eta dolua' izenpean, Juan Pedro Arbizu psikologo klinikoa ariko da solasean 18:00etan San Jose adinekoen egoitzan. Herritar guztiei irekitako solasaldia da.

Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko psikologo klinikoa da Juan Pedro Arbizu eta esperientzia zabala du bizitzaren azken etapako akonpainamenduan. Solasaldian doluaren prozesua ulertzeko gakoak emanen ditu, eta baita hainbat azalpen ere egoera horretan dauden herritarrak laguntzeko.

Heldu den asteko solasaldiaz gain, urrian, Berako San Jose egoitzako eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko profesionalek hainbat formakuntza hartuko dituzte doluari buruz. Bai egoitzako eta bai gizarte zerbitzuetako langileek  hurbiletik bizitzen dituzte heriotza eta dolua, eta ikastaroan horiek nola kudeatu ikasiko dute.

Azaroaren 9an, aldiz, Berako Udalarekin elkarlanean El jardin de Olivia antzerkia ikusteko aukera izanen da Berako Kultur Etxean.

Udazkenekoak ez dira Irache Fundazioak dolua lantzeko antolatutako ikastaro bakarrak. Izan ere, maiatzean, Igantziko eta Berako jubilotekak doluari buruzko solasaldi bana eman zuten. Bai udaberriko ekintzak eta baita udazkenekoak ere Reinsipira zikloaren barrenean antolatutako ekintzak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun