Bortziriak Cup eskubaloi txapelketa jokatuko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 12a, 16:00

Txingudi Eskubaloia taldeak antolatu du lehiaketa eta Jesus Goikoetxea Plaza beratarra ere omenduko dute eskola kirolean egindako lanagatik.

Eskubaloiaz gozatzeko aukera izanen da larunbatean Beran. Bortziriak Cup eskubaloi torneoa antolatu dute, eta goizean zein arratsaldean partidak jokatuko dituzte Berako Toki Ona kiroldegian.

Goizean Iruñeko Anaitasuna eta Txingudiko taldeak nor baino nor ariko dira. Hiru partida jokatuko dituzte emakumezko infantilek, gizonezko kadeteek eta senior emakumeek.

Arratsaldeko torneoan, aldiz, Ordizia Eskubaloia, Urola Eskubaloia, Txingudi Goibar eta Gose taldeak ariko dira. 15:30ean hasiko dira partidak eta finala 19:00etan jokatzea aurreikusten dute.

Omenaldia Jesus Goikoetxeari

Finalaren aitzinetik, gainera, Jesus Goikoetxea Plaza beratarra omenduko dute. 80. hamarkadan hasi zen eskola kirola sustatzeko lanean Goikoetxea, eta baita Nafarroako Gobernuak antolatutako Nafarroako Kirol Jokoetan entrenatzaile aletan ere. Saskibaloi eta eskubaloi entrenatzaile tituluak atera zituen eta Gipuzkoan lehian aritzen den Bortziri eskubaloi taldearen sortzaile ere izan zen. 1994-95 denboraldia arte aritu zen eginkizun horretan.

Antolatzaileen hitzetan, Goikoetxeak eskuzabaltasunaren eta kirolarekiko pasioaren balioak ordezkatzen ditu, eta bereziki eskubaloiaren alde egindako lan handia aitortu nahi diote omenaldiaren bitartez. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun