Bestak 2024

Urritzokietako bestak irailaren 13tik 15era ospatuko dituzte Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 11:00

2015eko Urritzokietako bestetan, toka txapelketan.

Ortziralean botako dute txupinazoa, larunbatean ospatuko dute egun handia eta igandean txukunduko dute auzoa

Irailaren 13an, ortziralearekin hasiko dira Etxalarko Urritzokieta auzoko santakruzak eta urtero bezala, egitarau polita osatu dute auzotarrek.  Hasteko, txupinazoaren ondotik, 17:00etan txokolate beroa eskainiko dute Sainduneko zubian eta iluntzean zingar jatea izanen dute. 

Irailaren 14a, larunbata, egun handia izaki, 12:30ean luntxa eskainiko dute auzotarrek ermitako atarian eta ondotik meza izanen da 13:00etan. Zer gozatua izanen da eguerditik aitzinera ere: Asaua, mus eta partxis txapelketa, herri kirolak… 20:00etatik 22:00etara ogitartekoak izanen dituzte, 22:00etan kontzertua eta egunari akabera emateko auzoko DJ-ak paratuko du musika.

Irailaren 15ean, igandearekin, bukatuko dira bestak; 13:00etan meza izanen dute Santa Krutz ermitan eta arratsaldean desmuntatze eta txukuntze lanak eginen dituzte. Horiek ere behar beharrezkoak dira, besten ondotik auzoa txukun txukun uzteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun