Lesakako Udalak herriko gazteen partaidetza bultzatzeko hainbat ekimen eta ahalegin egin ditu azken urteotan. Oraingoa urrats kualitatibo sendoa emateko unea dela iritzita, Elhuyar Aholkularitzarekin batera partaidetzan oinarritutako Lesakako gazteen diagnostikoa lantzeko prozesua jarri du martxan.
Prozesu honek bi dimentsio izanen ditu. Batetik, «udalerriko gazteen kezkak, arazoak, beharrak eta interesak ezagutzeko entzute ariketa bat egin nahi dugu; politika publikoen diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko eta gazteriako datozen urteetako plana lantzeko». Bertzetik, Lesakako gazteen parte hartze soziopolitikoaren kulturan eragiteko ariketa ere izan nahi du, «entzute ariketa ez ezik, gazteen eta udalaren arteko zubiak eraikitzeko ariketa». Prozesua baliatu nahi du udalak elkarrizketa hori sortzeko eta indartzeko baldintzak lantzeko eta etorkizuneko Gazteen Foro baten lehenengo haziak ereiteko.
Gazteak izanen dira prozesu honen protagonista eta subjektu aktibo. Horrela bada, prozesua gidatzen duen Talde Eragilea herriko hiru gazterekin batera osatu dute. Dagoeneko hasia dute bidea eta azken bi larunbat goizetan gazteekin bi lan saio egin dituzte. Guztira 15 gazterekin egon dira, Lesakan gazte izatea nola bizi duten ezagutzeko. Gazteen interes, behar eta kezkak partekatzeko lehen espazio hauetan denetariko gaien inguruan jardun dute: harremanak, etxebizitza, kultura, aisialdia eta festak, parte-hartze soziopolitikoa, eta abar luze bat.
Topaketa azaroan
Lesakako gazteen errealitatera gerturatzeko ariketa honek segida izanen du datozen asteetan eta gazteen arteko zein udalarekiko harremanak sendotu eta elkarlanerako baldintzak eratzeko ariketa Topaketa batzuekin bukatuko dute azaroan. Hala ere, prozesu hau hasiera bat bertzerik ez da izanen Lesakan; gazteei begirako politika publikoez eta parte hartzeari loturiko egiturak eraikitzeko hasteko lehen urratsa izanen baita.