Jubiloteka zerbitzua berriz ere martxan da Bortzirietako herri guztietan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 5a, 19:00

Ikasturtea hasi dute Bortzirietako bortz herrietako jubiloteketan. Denera 60 lagunek hartzen dute parte, eta aurten arduradun berria izanen dute: Amaia Inda.

Iraila hastearekin bat hasi dute jubiloteka Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan. Udan zerbitzurik gabe egon dira, eta erabiltzaileek faltan bota dutela azaldu du zerbitzua kudeatzeaz arduratzen den Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. «Batez ere bertan egiten duten ariketa fisikoa nabarmendu behar da, ariketa horiek gorputz arintasuna eta ongizate orokorra mantentzen laguntzen baitute», azaldu dute.

Guztira, 60 pertsonak parte hartzen dute jubilotekan, eta parte hartzaile denek zerbitzua «hagitz positiboki» baloratzen dute. Jubilotekak, gainera, funtzio biopsikosoziala betetzen duela azaldu dute; hau da, osasun fisikoari erreparatzeaz gain, baita ongizate psikologikoa eta soziala sustatzean ere laguntzen baitu. «Erabiltzaileek elkar ezagutu, harremanak sendotu eta komunitateari loturik sentitzeko aukera dute».

Ikasturte berrian berrikuntza bat ere izanen dute, Amaia Inda izanen baita monitore  berria. «Indak esperientzia zabala eta konpromiso handia erakusten ditu adinekoen ongizatearen alde lan egitean, eta horrek parte-hartzaileen motibazioa eta integrazioa bultzatuko ditu», nabarmendu dute. 

Gainera, Elkarrizan Nagusilaneko boluntarioek laguntza eta lagun-egiteko lanetan jarraituko dute, Jubilotekari laguntza emanez. «Zerbitzu honek, finean, adinekoen autonomia sustatzea eta haien bizi-kalitatea hobetzea du helburu, inguru segurua eta atsegina eskainiz, eta parte hartzea eta aktibotasuna indartuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun