JOSU OKIÑENA

«Pascual Aldavek utzi zigun musika altxorra ezagutzera eman nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 7a, 11:00

Pascual Aldave bere belaunaldiko orkestratzaile nagusiena izan zela uste du Josu Okiñenak.

Josu OKIÑENA UNANUE, pianista eta Musikeneko irakaslea

Pascual Aldave konpositorearen (Lesaka 1924-Donostia 2013) jaiotzaren mendeurrena gogoratuz ziklo berezia antolatu dute. Lehen emanaldia irailaren 29an eginen dute bere sorterrian. Aldave zein izan zen eta ziklo horren berri eman digu Josu Okiñena Unanue Musikeneko irakasle, pianista eta Aldaveren eta Aita Donostiaren ondarearen ikertzaile eta zaindariak.

Zer emanaldi prestatu duzue irailaren 29rako Lesakan?

Harriondoa kultur etxean izanen da emanaldia iraileko azken igandean, 19:00etan, omenaldia eginen zaio Pascual Aldaveren jaiotzaren mendeurrenean. Kontzertuan Aldaveren piezak sartu nahi ditugu, baina baita beregan eragin handia izan zuten beste konpositore batzuena ere: adibidez, Maurice Ravel asko miresten zuen eta bere eragina nabari da bere obran; Aita Donostiaren abesti batzuk, berekin harremana izan baitzuen Aldavek. Hori islatzen da Aldavek Aita Donostiari bidali zion eskutitz batean, Lesakako kantu folkloriko bati buruz galdezka. Ikerketa folklorikoa egin zuten elkarrekin; Aldaveren lagun mina eta pianista ikaragarria izan zen Felix Lavillaren euskal abestiak… Noelia Ibañez mezzosopranoa, Maider Ronquete sopranoa, Amaia Zipitria eta Josu Okiñena pianistak, Kea ahots taldea eta Kanadatik etorriko den Alexandre Da Costa biolinista. Ravelen pieza bat joko du. Biolinista ikaragarria izateaz aparte, orkestra zuzendaria ere bada eta Kanadan Aldaveren orkestrarako musika programatzeko asmoa du.

Josu Okiñena pianoa jotzen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ‘Akelarre’ joko du zenbait hiriburutan. Aldavek konposatutako lanik handiena izan zen?

Bilbon (irailaren 27an), Donostian bi aldiz (urriaren 1ean eta 2an) eta Iruñean (urriaren 4an) izanen dira emanaldiak. Akelarren bigarren euskal rapsodia programatuta dago, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia irekitzeko. Hori ohore handia da Aldaveren mendeurrena ospatzeko. Akelarre da Aldaveren obrarik inportanteena, maisu-lana esango nuke. Hogei euskal kantu folkloriko erabiltzen ditu, horietako asko Lesakan bildutakoak. Benetako altxor bat da.

Otsailean, berriz, Iruñean, Orkestra Sinfonikoarekin batera Iruñeko Orfeoia ere ariko da nolabait zikloari bukaera emanen dion emanaldi berezi batean…

Hori otsailaren 26an izanen da. Akelarre lanaren hirugarren eta laugarren rapsodiak interpretatuko dituzte Baluarten. Horiek denak baino lehen, EHUko Udako ikastaroen barrenean, irailaren 12an, Donostiako Miramar jauregian Pascual Aldaveri buruzko ponentzia bat aurkeztuko dut. Bere lagun mina zen Luis Martin Santosen urteurrena ere ospatzen da eta Aldaveri eta bere belaunaldiko musikariei buruzko hitzaldia izanen da.

Zein izan zen Aldave eta musika arloan zer utzi zuen?

Alde batetik, euskal ondarea babestu eta bildu zuen. Lesakako eta Bidasoko musikako euskal sustrai batzuk bildu zituen eta erro horiek erabili zituen bere obrak konposatzeko. Horrelako kultura txiki bati dimentsio globala eman zion, hori da inportanteena. Testuak nola tratatzen dituen ere azpimarratuko nuke: Pio Barojaren Altzateko Jauna eta Urtubiko dama lanak erabili zituen, Juan Mari Lekuonak egokituta eta bere ikuspuntutik, Akelarre konposatzeko. Horrela bere ondarea literaturara ere zabaltzen da. Bere belaunaldiko orkestratzaile nagusiena izan zen, zalantzarik gabe, eta konpositore onenetariko bat, bereziki bere musika sinfonikoagatik, baina obra handia dauka korurako eta ahots eta pianorako ere.

Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko eta Orfeoiko zuzendari ere izan zen Aldave… Bi erakunde horien antolaketan eta lanean ere aldaketak eragin omen zituen…

Iruñeko kontserbatorioan egin zuen lanak errekonozimendu publikoa merezi du. Ez hori bakarrik, ikasle belaunaldi batek beraien karrera musikala egin dute bere ikasketa-planaren aldaketagatik. Berak Parisen ikusitakoa eta ikasitakoa ekarri zuen Iruñera eta hori aldaketa handia izan zen. Koru bat sortu zuen, orkestra bat sortu zuen, mundu mailan obra asko estreinatu zituen orkestra eta koru horiekin. Giroa guztiz aldatu zuen.

«Aldave oraindik ezezaguna da euskalduna zelako Nafarroan eta nafarra zelako Euskal Herrian»

 

Beharbada, publiko “orokorrarentzat” eta bere sorterrian ere ez da ezagunegia. Zergatik?

Nire ustez Pascual Aldave oraindik ezezaguna da euskalduna zelako Nafarroan eta nafarra zelako Euskal Herrian. Euskal kultura lurralde batzuetan agertzen da, baina gero beti nahasten ditugu gauzak eta gero gertatzen da gertatzen dena. Nahiz eta gaur egun, zorionez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere babesa eman digun eta oso pozik gaude horrekin. Jendeari esango nioke animatzeko, etortzeko eta disfrutatzeko emanaldiekin, ezagutzeko Pascual Aldave bezalako konpositore bat, balio dezala ziklo honek berak utzi zigun musika altxorra hori ezagutzera emateko.

 

Pascual Aldave Rodriguez

Biografia

Lesakan 1924ko ekainaren 12an jaio zen Pascual Aldave, Silverio Rodriguez eta Agueda Aldaveren sei seme-alaben artean azkena. Jaioterrian ekin zion musikari Victor Albistur organistaren eskutik. Aldiz, Salvador Radarekin jaso zituen pianoko oinarrizko ezagutzak eta berak prestatu zuen Bilboko Musika Kontserbatorioko ikasle aske azterketara aurkezteko. 1947an Lesakako parrokiko organista izendatua izan zen eta bertan sortu zuen Santa Maria Abesbatza. Ondoren, 1949an bere prestakuntzarekin jarraitu zuen Bartzelonako Goi Kontserbatorioan (Aita Donostiarekin batera) eta bere ikasketa ofizialak Donostiko Udal Kontserbatorioan bukatu zituen, Jose Maria Iraolarekin pianoa ikasiz, eta Francisco Escuderorekin harmonia eta konposiziokoa.

1954 eta 1973 urteen artean Parisen bizi izan zen, bertan hobetu zituelarik bere musika ezagutzak: konposizioa Nadia Boulangerrekin, pianoa Agnelle Bundervoët eta Andrée Bonnevillerekin, orkestrazioa Jean Françaisekin eta orkestra zuzendaritza Eugène Bigotekin. Frantziako Gobernuaren beka bati esker, piano errezitalak eskeini zituen Londres, Paris, Madril eta Donostian. 1958 eta 1966 urte bitartean bere jarduera artistikoa eta Frantziako hainbat ikastetxetan eginiko Musikaren Historiaren irakaskuntza uztartu zituen. 1967 eta 1973 urteen artean Frantziako Irrati eta Telebistako Orkestrarekin musika arloan elkarlanean aritu zen. Nafarroara itzuli zenean Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko zuzendari postua bete zuen 1973tik 1983ra bitartean. Kontserbatorio honetako ganbera-orkestra eta korua sortu zituen eta honez gainera, Eslava, Remacha, Berlioz, Charpentier eta Stravinski bezelako autoreen lan sinfoniko-koralak ezagutarazi zituen. Nafarroako herri nagusienetan eskeinitako kontzertu asko estreinaldi bereziak izan ziren Espainian. 1976tik eta 1982ra bitartean, Luis Tabernarekin organoa ikasi zuen. Aurelio Sagaseta nafarra bezelako autore batzuk Aldaveren lana Ravelenarekin alderatzen dute eta XX. mendeko estetika erradikalenetan murgildu gabeko norabide abangoardista bat jarraitzen duela ziurtatzen dute. 1974. urtetik San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako kide izan zen eta 1987an UNICEFek emandako merituaren domina hartu zuen.

 

Lanak

Eszena-musika

  • Akelarre, bi zatitan banaturiko partitura burleskoa: Jaun de Alzate eta La dama de Urtubi (4 ahots eta orkestra) (1983-91).

Musika sinfonikoa

  • Ave Maris Stella (1953)
  • El Cristo ibérico (1963-67)
  • Paráfrasis del Aleluya, VI. tonua; Aleluya (1976)
  • Pelegria naiziela (1978)
  • Himno de Navarra (1988)
  • Navarra, historia y camino (1992)
  • Agerraldi Bakikoa (bakotar eszena) (1993-95)
  • Sorginen Agerpena (1994-5).

Harizko orkestra

  • Oi Bethleem (1980)
  • Nerabe Sorta (1990).

Korua

  • Epitafio de Don Quijote (1952)
  • Tríptico del amor (1952-96)
  • Nana del niño muerto (1956); No me mueve mi Dios; Ez dukezu O María; El trapero (1959)
  • Díptico errenazentista (1977)
  • Zer egin dizut nere herri? (Popule meus) (1960-77)
  • Perfección (1984)
  • Benedicta es tu (1986)
  • Negro Spirituals (1993).

Ahots eta pianoa

  • Nafarroko (1949)
  • Romance de Fuenteovejuna (1951)
  • Azul, azul! (1952)
  • Tú me mirarás llorando (1957)
  • Tríptico renacentista (1961-93)
  • A mi primer nieto (1961-94)
  • El lagarto está llorando (1962)
  • Las doce en el reloj (1984)
  • Los inmortales (1986).

Pianoa

  • Tres cantilenas vascas (1968-89).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun