Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzu eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Liburutegiak egitasmoaren baitan, Tribial eta Pasahitza tailerra antolatu dute Lesakako liburutegian irailaren 4an, asteazkenean 11:00etan hasita.
Ordu eta erdiko iraupena izanen du saioak eta pobrezia eta gizarte bazterketaren errealitateak lantzeko ariko dira bi joko horietan.
Pobrezia eta gizarte bazterketaren aurkako borroka pertsona guztion ardura da, eta gizarte eragile guztien parte hartzerik gabe, herritarrena barne, ezin dugu planteatu ere egin pobrezia desagerraraztea eta desberdintasunen amaiera. Horretarako, Nafarroako pertsona ahulenen errealitatea ikusarazteko guneak aurkitu behar ditugu, pobreziaren kausak aztertu, aurreiritziak baztertu eta berdintasun giroa sortu.
Jolasek eta dinamikek testuinguruan jartzen eta pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontzeptu nagusiak aztertzen lagunduko digute. Gizakien oinarrizko beharrak zein diren jakinen dugu, baita pertsonen eta, bereziki, haurren oinarrizko eskubideak zein diren ere. Milurtekoko garapen helburuei buruz hausnartzeko aukera ere izanen dugu, baita gizarte-bazterkeria barne hartzen duten esparruak ikasteko ere.
Tribial jokoa
Tribial joko klasikoaren oinarria erabiliz, gizarte bazterkeriarekin lotutako kontzeptuak ezagutuko dituzte, eta gizarte bazterketaren errealitate desberdinetara hurbilduko dira modu dinamikoan.
Pasahitza
Telebista-joko tradizionalaren mekanika bera da. Hari bat eta galdera bat daude letra bakoitzeko. Helburua da ODSak ezagutzea eta haien funtzioaz eta egituraz gehiago jakitea, jostetaren eta informazioa bilatzearen bidez ikaskuntza sustatuz.