Mikel Aramendik eta Elena Beristainek irabazi dute Agerrako Krosa

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 26a, 15:00

Larunbatean jokatu zuten Berako Agerra auzoan Luis Mari Apeztegiaren omenezko krosaren 41. edizioa. Helduen lasterketan 37 parte hartzaile izan ziren Mikel Aramendi eta Elena Beristain nagusitu ziren. Helduenaren aitzinetik, haurren lasterketak ere jokatu zituzten.

Gizonezkoen kategorian Mikel Aramendi nagusitu zen. Bortz kilometro eta 800 metroko distantzia osatzeko 19 minutu eta 55 segundu behar izan zituen. Denbora berean sailkatu zen Aner Aramendi ere. Hirugarren lekuan Hodei Lujanbio goizuetarra sailkatu zen, 20.11ko denbora eginda. Lujanbio izan zen aldi berean lehen beteranoa.

Emakumezkoetan Elena Beristain sailkatu zen lehen postuan 27 minutu eta 6 segunduko denborarekin. Bigarren postua Ainhoa Jauregi sailkatu zen (27.39) eta hirugarren lekuan Joelle Boisaratie (29.30).

Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparako puntuagarria izan zen Agerrako Krosa. Bortziriak Taldeko Gwendal Larque izan zen gizonezkoetan puntu gehien bildu zituena eta emakumezkoetan Attonkaxkuk taldeko Ainara Mendiburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun