MOTORRA

Asier Tejado eta Eneko Correia nagusitu dira Lesakako VI. Slalomean

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 23a, 11:00

22 auto gidarik parte hartu zuten larunbatean Ziharka Sport eskuderiak antolatutako proban eta Imanol Vicente Olaxar etxalartarra bigarren izan zen monoplazetan

Ziharka Sport eskuderiak seigarren aldiz antolatutako Lesakako Slaloma burutu zen larunbatean Alkaiagako industrialdean, Nafarroako Open Slalomerako puntuagarria. Azkenean 22 ibilgailu atera ziren, gehienak turismo atalean. Hauetan, Bakio Motosporteko Eneko Correia izan zen bizkorrena, Arakil Motorsporteko Andoni Azpirozen bigarren eta Ziharka Sporteko Aitor Etxeberria hirugarren (junior onena). Monoplazetan edo car crossetan, berriz, Zamudio Racing taldeko Asier Tejado suertatu zen garaile, Malerreka Motorsporteko Imanol Vicente Olaxar etxalartarra bigarren eta Ziharka Sporteko Egoitz Lekuona hirugarren.

Eskualdeko gidari gehiagok ere parte hartu zuten proban, hala nola Asier del Pozo lesakarrak, Aimar Pikabea beratarrak, Hodei Ariztegi eta Olatz Grijalba doneztebarrak eta Jon Mikel Opoka gazteluarrak.

 

Irailaren 7an Lesakako Rallysprinta

Alkaiagako probaren ondotik, Ziharka Sport eskuderia buru-belarri hasi da bere proba nagusia, irailaren 7an jokatuko den Lesakako Rallysprinta prestatzen. Hogeita batgarren edizioa beteko du aurten. Lehenbiziko urteetan Eguzkisport eskuderiak antolatu zuen, gerora Ilargisport eskuderiak eta azken urteetan Ziharka Sportek hartu du ardura. Ohi bezala, gidariek lau txanda egin beharko dituzte Agiñako errepidean goiti eta beheiti, 9.3 kilometro denera. Iraileko lehen larunbatean 11:30ean itxiko dute errepidea eta 12:30ean abiatuko da lehen parte-hartzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun