Taillonera irteera antolatu du Manttale Mendi Lasterketa Taldeak abuztuaren 31n

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 20a, 16:00

2022ko irteeran parte hartu zuten mendizaleetako batzuk Bujaruelon

Taillonen hildako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi oroitzeko mendi ateraldia antolatu du Berako Manttale Mendi Lasterketa Taldeak. Uztailean egin ohi dute irteera bi urtetik behin, baina, aurten abuztuaren 31n eginen dute.

Parte hartzaileek bi irteera izanen dituzte aukeran. Bietan errazena Gavarnie herritik aterako da Bujarueloko lepora igotzeko. Denera lau ordu inguruko ibilbidea eta 600 metroko desnibela izanen ditu.

Bigarren irteera, aldiz, mendizale zailduagoentzako izanen da. Col de Tentesetik aterako da, Bujaruelotik pasa eta Sarradetseko aterpetxera ailegatzeko. Bertatik, Errolanen Bretxan barrena Taillonera igoko dira. Itzulera bide berdinetik eginen dute, eta ibilaldiak denera 6 ordu inguruko iraupena eta 1.200 metroko desnibela izanen dituela kalkulatu dute. Ondotik, bazkaria izanen dute denek elkarrekin.

Ondotik, bi martxetako partaideak Bujaruelon elkartuko dira, Taillonen zendutako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenezko monolitoan. Omenaldiaren ondotik,  Gavarnie herriaren ondoan bazkaria eginen dute.

Txangoa 05:30ean aterako da Berako Iamotenea pareko aparkalekutik eta ilunabarrean ailegatuko dira bueltan Berara. Prezioa 30 eurokoa da, eta autobus bidaia, asegurua eta bazkaria daude barne.

Izen emateak mugatuak dira eta Agerrako Pikabea Harategian egin behar dira. Izena emateko orduan izena, abizena, telefono zenbakia eta NAN eman beharko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun