Atzo aurkeztu zuten Ibardinen Hendaiako Erremonte Profesionaleko Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 15a, 11:30

Argazkian Iñaki Iturria eta Blanca Armengol (Venta Peio), Kristina Garayar eta Hortense Ugartemendia (Les Deux Jumeaux), eta Jaime Aguirre, Erremonte Fundazioaren zuzendari gerentea.

Atzo asteazkena aurkeztu zuten Ibardinen Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak, Hendaiako Udalaren laguntzarekin, eta Venta Peio eta Reyno Gourmeten babesarekin, Hendaiako Erremonte Profesionaleko Txapelketa - 2024ko Venta Peio Sari Nagusia.

Ibardingo Venta Peio merkataritza gunean egin zuten aurkezpenean jaialdiaren edukia azaldu zuten. Ekimena Nafarroa eta Iparraldearen arteko mugaz gaindiko lankidetza ekimenen barruan garatuko da, eta xedea, «Nafarroako kalitatezko produktuak Iparraldean ezagutzera ematea» izanen da.

Jaialdia abuztuaren 17an, larunbata, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan jokatuko da, arratsaldeko 20:30ean hasita.

Lehenik eta behin, lehen partida 30 tantotara jokatuko da, Iturregi-Ion Mikelarena- Mitxeoren aurka.

Ondotik, 35 tantotara, partida nagusia jokatuko da: Zeberio II-Barricartek eta Sagaseta-Otanok 2024ko Nafarroako Foru Komunitateko XIX. Erremonte Profesionaleko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako laugarren kanporaketa jokatuko dute.

Horren osagarri eta programatutako ikuskizunaren barnean, erremonte partidak hasi baino lehen, Iturengo joaldunak ibiliko dira Hendaiako erdigunean, Herriko Etxearen inguruko karriketan, eta gero Daniel Ugarte frontoira joanen dira.

Jaialdia Hendaiako Les Deux Jumeaux elkartearen alde antolatu dute, eta leihatilan bildutako guztia elkarte horrentzat izanen da. Gainera, Hendaiako Udalak eta Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak, bakoitzak, 500 euro emanen dizkiote bakoitzari.

Sarreren prezioa 10 €-koa izanen da 22 urtetik gorakoentzat, 5 €-koa 16 eta 22 urte bitartekoentzat, eta 16 urtetik beherakoek sarrera doan izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun