Bestak 2024

Petardoen erabileraren inguruan ohartarazi du aurten ere Etxalarko Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 14a, 16:00

Duela bi urte Etxalarko bestetan petardoek sortutako kalteen ondorioz, joan den urtean petardoak kontuz erabiltzeko eskatu zuen udalak, eta kanpotik ekarritako petardo haundiak debekatu zituen. Joan den urtean arazo haundirik izan ez zenez, aurten ere bestetan jartzen diren postuetan petardoak saltzen uztea erabaki dute, baina kanpotik etorritako petardo haundiak debekatu dituzte.

Adierazi dutenez, «kalteren bat sortzen bada petardoen eraginez, heldu den urtean erabat debekatuta egonen dira, haundiak nahiz ttikiak. Kalte horien egileak harrapatuz gero, beraien edo, adin ttikikoak badira, beraien gurasoen gain geldituko da konponketen ardura».

Azkenik, gogorarazi dute «Etxalarko ondarea bertako bizilagunen eta bisitatzen gaituzten pertsonen gozamenerako ondasuna» dela, «guztion artean zaindu dezagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun