Berako bestetako indarkeria matxista kasuak gaitzetsi ditu udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 12a, 08:00

Berako udalak bestetako gertakari matxistak gaitzetsi ditu.

Aurtengo bestetan emandako indarkeria matxista kasuen aitzinean, Berako udalak adierazpena egin du, «emakumeen kontrako indarkeria Giza Eskubideen bortxaketa larria» dela erranez eta «kalte fisiko, sexual, ekonomiko eta psikologikoak» eragiten dizkiela emakumeei.

Berako udalaren adierazpenak dioenez, «indarkeria matxista egiturazkoa da, eta errotuta dago gizartean. Horrek azaltzen du zergatik ematen den testuinguru kultural guztietan eta maila guztietan. Izan ere, jatorria ulertuta soilik susta ditzakegu hura ezabatzen lagunduko duten egitura-aldaketa sakonak».

Berako udalak onartzen du «azken urteotan gizon askok egin dutela bat berdintasun-aldarrikapenekin», eta «maskulinitate hegemoniko tradizionalak ezarritako genero-aginduak» berrikusi dituztela, baina, hala ere, «aurrera egin behar dugu, are gehiago, eta gizon gehiago inplikatu behar dira modu aktiboan, eta normalizatutako portaerak betikotzen dituzten sinesmenak identifikatu eta aldatu».

Feminismoak ibilbide luzea egin du mugimendu sozial eta politico gisa, «eta historian zehar, genero-desberdinkerien aurrean, sistema patriarkalari eusten dioten elementuak teorizatu eta kontzeptualizatzeko azterketa eta analisiak plazaratu ditu. Beharrezkoa da berdintasunean oinarritutako gizarte bidezko bat eraikitzeko lanean jarraitzea, eta erakunde publikoak horren erantzule gara».

Horregatik guztiagatik, emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak gaitzesten ditu Berako udalak. «Kalea, gaua, eguna, bestak eta abar denok gozatzekoak dira, eta emakumeok horiek beldurrik gabe bizitzeko eskubidea dute». Mugimendu feministak bidezko eta berdintasunezko gizarte bat lortze aldera egindako ekarpenak eta lana aitortu ditu Berako udalak eta herritarrei dei egiten diete «indarkeriaren aurrean zero tolerantziako eta zero inpunitateko jarrerari eusteko, eraso matxisten kontrako erantzukizun indibidual zen kolektiboa defendatuz, eta maskulinitate eredu osasuntsuak eta harreman parekideak eraikiz».

Berako udala herritarrak animatzen ditu gertakari horien harira deitzen diren elkarretaratze eta gaitzespenekin bat egitera eta parte hartzera. Hain zuzen, igande arratsean egitekoa zen elkarretaratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun