FAMILIA MUSIKARIAK

«Modu batera edo bertzera beti musikari lotuak segituko dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 10a, 09:00

Ezkerretik hasita, Petti, Estitxu Pinatxo eta Jokin Pinatxo.

PETTI eta Estitxu eta Jokin PINATXO

Beran, inguruan eta Euskal Herrian ez dute aurkezpen handirik behar Berako Juan Luis Perez Pettik eta Estitxu eta Jokin Pinatxok. Euskal Herriko musikaren eszenan, ezagunak dira, eta familia berekoak. Pinatxotarren amaren lehengusua da Petti, eta «betitik hagitz hurbileko harremana» izan dutela aitortu dute.

Petti hainbat proiektutan buru-belarri     

Ibilbide luzea egiten ari da Petti musikagintzan. «Familian beti kantari eta musikazale finak» izan dituela kontatu du, eta «handik sartu zitzaidan kantatzeko grina». Aunitzerako eman dio grina horrek, «musika bizimodu, behar, terapia eta plazera» bihurtzeraino.

Urteotan «hamahiru disko eta hainbat hibridazio» argitaratu ditu eta lanean segitzen du, «hainbat proiektutan murgilduta»: «Balerdi Balerdi taldeko gitarrista naiz, Bider 5 kolektiboko kantaria, Frankestein agurgarria disko liburua bukatzen ari gara eta urriaren 31n aurkeztuko dugu Hondarribian; zuzeneko diskoa grabatuko dut taldearekin urte bukaeran, 2025ean argitaratzeko eta kanta berriekin egindako bertze disko bat eginen dut hurrengo urtean argitaratzeko». Kontzertuen aldetik, urtea «nahiko ongi» doala adierazi du: «Dozena bat egin ditut, bai taldearekin, bai bakarka, eta uztailean Galiziako biratxoa egin dugu. Udazkenean ere badira datak lotuak, eta ezin kexatu». Adibidez, gaur, abuztuaren 10a, Arantzako Aterpean aritzekoa da Xabaltxekin, 19:30ean.

Gaur Arantzako Aterpean ariko da Petti.

Ibilbide luzea eta bi disko esku artean

Estitxu eta Jokin «ttikitan» hasi ziren musika eskolan. Arreba zaharrena akordeoiarekin hasi zen, eta «geroztik hainbat instrumenturekin saltsan ibili naiz: pianoarekin, gitarrarekin... Duela hamar urte tronboia ikasten hasi nintzen eta berriki, atabala». Hala ere, horien gainetik «nire instrumentua boza dela sentitzen dut». Gazterik hasi zen «profesionalki» kantari: «15 urterekin Egan taldean hasi nintzen erromerietan, eta ondotik, bertze erromeria taldeetan eta bertzelako proiektuetan ibili naiz». Bi disko ere baditu esku artean: Haize gorri batek (2019) eta Isilik daude harriak (2021). «Hagitz gazterik hasi nintzen, baina nire kantak konposatzen nahiko berandu».

Horren harira, bere diskoetan bidelagun izan duen Mikel Santxezen laguntza nabarmendu du: «Nik kanten hezurdura osatu eta berak jantzi izan ditu, izugarri lagundu dit. Eta testuak idazterakoan, lehenbiziko diskoan bada bakarren bat nirea, baina urteotan hainbat proiektutan parte hartuta ezagutu dudan jendearen laguntza handia izan dut; Edu Zelaietarena, Harkaitz Canorena…». Eta gaur egun zer? Bada, «nahiko geldirik» omen dago, «musikatik aparte, bertze hamaika saltsatan sartu nago eta deskantsua behar nuen».

Estitxu Pinatxok 2019an argitaratu zuen bere lehenbiziko diskoa: 'Haize gorri batek'.

Janus Lesterrekin bete-betean

Jokin ere musika eskolan hasi zen eta hasiera hartan, «instrumentuak dezente aldatu» omen zituen: «Urte batez gitarrarekin ibili nintzen, baina ez zitzaidan sobera gustatu eta pianora pasatu nintzen, bospasei urte egin izanen nituen. Gerora, saxofoiarekin hasi nintzen. Gustu hartu nion, eta bandan eta txarangan ibili nintzen eta geroztik, Esti bezala, hainbat instrumenturekin saltsan». Kantatzen, berriz, «nahiko berandu» hasi zen: «19-20 urterekin». Eta garai hartan sortu zuten Azken Trena taldea, «lagun artean, ez modu profesionalean, kanta baten sorkuntza eta lokaletik eszenatokira pasatzea zer den pixka bat deskubritzeko. Taldeak bere bidea egin zuen, baina ikasketak zirela eta, bakoitzak gure bidea hartu genuen eta desagertu zen». Ondotik etorri zen Janus Lester, egun  Euskal Herri mailan punta-puntan dagoen taldeetako bat: «2020an itxialdia baino lehen buruan nuen, baina pandemiarekin gibelatu zen. Azkenean 2022ko Berako bestetan eman genuen lehenbiziko kontzertua eta 2022 bukaeran diskoa atera genuen».

Jokin Pinatxo Janus Lesterrekin plazaz plaza dabil, berak dioenez, «amets batean»

Taldeak izan duen arrakasta begien bistakoa da, eta onartu du «suerteko» sentitzen dela. «Lehenbiziko kontzertu hartara jende pila etorri zen. Ordurako Maitasuna tabu kanta bakarrik zabaldua genuen, eta jende guzia hura kantatzen ikustea kristoren sorpresa izan zen». Bi urteotan «gozatzen» ari da: «Urrian bukatuko dugu bira, ehun bat kontzerturekin. Gelditu gabe ari gara eta hagitz eskertuak gaude». Euskal Herritik kanpoko eszenatokiak ere zanpatu ditu Janusekin: «Martxoan, lehenbizikoz, Euskal Herritik kanpo izan ginen, Madrilen eta Logroñon, eta esperientzia polita izan zen. Abuztu bukaeran Finlandiara joateko aukera izanen dugu; bi kontzertu emanen ditugu».

Sortzaileen herria

Hirurek modu naturalean barneratu dute musika. Pettiren etxean, adibidez, «etxean musika nahitaezkoa» izan omen da: «alaitzeko eta negar egiteko. Egunero Xorroxineko uhinak etxeko bi irratietan daude». Estitxuk eta Jokinek, berriz, hurbilean izan duten «erreferentea» aipatu dute: «Petti». Gainerakoan, «familian ez dugu musikaririk, baina musikazaleak bai. Familia handia elkartzean, beti bazen kantatzeko afizioa eta gurasoek beti izan dute kontzertuetara joateko ohitura».

«Beran zenbat musikari eta musikazale dauden ikusita, argi dago Berak lotura berezia duela musikarekin»

PETTI

Etxetik haratago, Berako herriak musikarekin duen harremana nabarmendu du hirukoteak, eta hortik edan dutela. Pettiren irudiko, «zenbat musikari eta musikazale dauden ikusita, argi dago lotura berezia duela». Estitxu ere «Beran dagoen musika mugimendu handiaz» mintzatu da; «Zentzu horretan hagitz herri bizi da, eta nik uste hori azkenean kutsatu egiten dela». Jokinek «batez ere sorkuntzarako dagoen mugimendua» azpimarratu du: «Herri batean musikari aunitz izaten ahal dira, baina hain toki ttikian hainbertze sortzaile izatea zaila da. Joseba Iratzoki sortzen, Joseba Baleztena sortzen, Petti sortzen, Estitxu [Pinatxo] sortzen… Eta aipatu ez ditudanak. Nire kasuan, etxean Petti eta Estitxu izan ditut, baina gitarra Baleztena ikusitakoan hartu nuen».

Horri lotuta, Beran, Lizuniagan, dagoen garai bateko aduanak ematen duen bulkada goraipatu du Estitxuk: «Udalak herriko musikarioi uzten digu entseatzeko eta laguntza handia da. Mugimendu handiko lokala da». Honela gaineratu du anaiak: «Ez du zertan eszenan dagoen norbait izan. Bada afizioz, musika sortzeko, ikasteko edo esperimentatzeko aduanan gelditzen den jendea».

Momentu bereziak

Hirurak dituzte momentu berezi «aunitz» iltzatuak. Pettik, adibidez, bat aipatzekotan, «nire idolo batekin diskoa eta Espainian zuzeneko bira» egin zuenekoa du bihotzean. «Barrence Withfield kantari estatubatuarrarekin izan zen, 2010ean». Jokin, berriz, «amets betean» ikusi dugu: «Azken Trenarekin hagitz jende guttiren aitzinean jotzera ohitua nengoen, gurasoen aitzinean edo lau lagunen aitzinean, baina Janus Lesterrekin ez dugu inoiz jende gutti izan eta niretzat luxua da. Berako lehenbiziko kontzertu hura, edo Donostiako Piratetan jo genueneko momentuak bihotzean ditut. Miresten nituenak ikusten ibilia naiz kontzertu horietan, eta bat-batean ni naiz oholtza horretan gainean dagoena eta nire kantak kantatzen. Emozio aunitz dira, eta hori bezala, baditut kontzertu aunitz gogoan geldituak».

Estitxuk ere baditu bere momentu bereziak, eta horien artean «politenak diskoaren aurkezpenak» izan direla aipatu du: «Bi diskoak Beran aurkeztu nituen eta niretzat berezienak horiek izan dira». Baina horrekin batera, «urte hauetan guzietan Sortuko dira besteak proiektuaren barrenean, Pettirekin egin izan ditudan emanaldiak» ez ditu atzenduak. Eta horien artean, bat aipatu du: «Aleluia kantatu genuenean jendeak izan zuen erantzuna, orduko txalo zaparrada, hura ez dut sekula ahantziko».

Musika eskaintza hizpide

Gaur egungo musika eskaintzaz ere aritu dira anai-arrebak. Estitxuk «inoiz baino eskaintza handiagoa, zabalagoa eta anitzagoa» sumatzen du: «Informazio aunitz hartzeko aukera dugu, hortik edan dugu eta euskal musikak bere leihoak ireki ditu. Urte guttitan euskal musikaren eszena arrunt aldatu da. Gaur egun hagitz gauza ausartak eta kalitate handikoak egiten dira».

«Niri ongi etorri zait euskal eszena pixka bat ireki izana»

Jokin PINATXO

Jokinek onartu duenez, «hasieran, Berako eraginarekin, nire sorkuntza baldintzatua» ikusten omen zuen: «Nahi gabe, sortzerakoan Beran egiten zen musika horretatik tiratu nahian ari nintzen. Baina eszena irekitzen joan da, eta horrekin batera baita musikariak ere, eta ireki ahala ni ere erosoago sentitu naiz bertze testuinguru batzuetan, Beran jorratu izan den rock esperimentaletik kanpo». Hala, «niri ongi etorri zait euskal eszena pixka bat ireki izana».

«Ireki bai, eta gero eta eskaintza gehiago ere bai, baina plaza guzietan musikari eta talde berdinak errepikatzen direla» gaineratu du Estitxuk. «Estilo hain komertzial horretan mugitzen ez direnak zirkuitutik kanpo gelditzen dira. Igual, entzuleoi, kultura musikal gehiago falta zaigu». Jokinen arabera, «publikoak hori asimilatzeko denbora» behar du: «Orain arte 20 talde izanen ziren, eta orain 800 dira. Azken hamar urteotan boom bat izan da, eta rock, pop, rap eta kantautore pila atera dira, euren artean hagitz diferenteak direnak, eta jendeak hori asimilatzeko denbora behar du. Hori asimilatu ahala, zirkuituak denborarekin egokituko dira».

Elkarrekin noiz?

Bakoitza bere bidea egiten ari da. Baina oraindik ez dira sekula igo oholtza gainera denak elkarrekin. Estitxuk eta Pettik «aunitzetan» kantatu dute batera eta Estitxuk dio «erromeria taldeak utzi eta bertzelako proiektuetarako saltoa Pettiri esker» egin zuela. Gehiago ere bai: «Pettirekin kantatzea beti ederra da, hagitz sentsazio betea sentitu izan dut». Bide beretik jo du Pettik: «Estitxurekin kantatzea plazera eta harro egoteko modukoa da». Sabelean «txiribitak» sentitzen dituela ere gehitu du.

«Konplizitatea dagoenean kantatzea aunitzez errazagoa da»

Estitxu PINATXO

Jokin eta Petti ez dira oraindik elkarrekin aritu; Pettik aitzindu duenez «aurten ariko gara  lehenbiziko aldiz». Bi anaia-arreben kasuan, elkarrekin «pare bat aldiz» partekatu dute oholtza: «Azken Trenaren eta Estitxuren diskoen aurkezpenetan izan zen, azken horretan Pettik ezin zuelako. Hortik aparte, zerbait puntuala egin izan dugu», oroitarazi du Jokinek. Arrebarekin aritu izan denetan, «oholtzara igo aitzinetik urduritasuna» sentitu izan duela aitortu du, baina «eszenan ongi moldatu izan gara». Estitxuk «konplizitatea dagoenean kantatzea aunitzez errazagoa» dela dio, eta anaiarekin kantatzea «berezia eta polita» dela.

Noizbait elkarrekin oholtzara igoko diren itxaropena ez dute galdua. «Nahi nuke!» bota du Jokinek eta «polita izanen litzateke» Estitxuk. Elkarrekin edo bakarrik, baina agerian gelditu da musikaren bueltan segituko dutela. Estitxuren ustez, «modu batera edo bertzera beti lotuak segituko dugu. Hori da gure zaletasunik handiena, bizitza ematen diguna». Jokinek dio hori «saihestezina» dela, eta hala gaineratu du Pettik: «Droga uztea zaila da eta kalterik egiten ez duen bat aurkitzen duzunean ezinezkoa». Eta bide batez, «musika babesteko, maitatzeko eta kontsumitzeko» mezua zabaldu du, «bizitza hobea baita musikarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun