Gaia, ordea, ez du arrotza, lehen ere kultur eta kirol batzordearen bueltan ibilitakoa baita: «Azken bi agintaldietan batzordean zinegotziei laguntzen aritu naiz». Koska bat goiti egitea tokatu zaio aldi honetan, eta estreinakoz, berak du besten aginte makila. Abenduan hartu zuen zinegotzi kargua, hauteskundeen bigarren deialdian taldea osatu zutenean. «Nahiko larri» ibili zirela onartu du, eta horren harira, «herrigintzan parte hartzea gero eta gehiago kostatzen zaigula» aipatu du. Azkenean osatu zuten zerrenda eta ez da damutu. Orain artekoaz «balorazio positiboa» egin du: «Egia erran, sartu aitzinetik bertigo gehiago nuen. Momentuz, gustura ari naiz».
«Auzotarren arteko desafioa berezia da. Herritar aunitzek parte hartzen du eta berezia izaten da»
Zinegotzi sartu eta «istantean» hartu zituen bestak esku artean: «Lanaren zati bat egina hartu nuen, aitzineko kultur zinegotziak gauza batzuk erdi lotuak utzi baitzituen. Garai honetan iskin guzietan bestak izaten dira eta badira azken momentura arte utzi ezin diren kontuak». Gainerakoa «poliki-poliki» osatu dute, herritarrekin elkarlanean, eta «20.000 bat euroko aurrekontuarekin «egitarau bete-betea» prestatu dute. Tartean dira, bere gustuko ekitaldiak ere: «Haurra nintzela, herritarren arteko pilota txapelketak ilusio berezia egiten zidan, eta orain ere bai. Joan den urteko pilota eta frontenis txapelketak politak izan ziren». Hortik aparte, «auzotarren arteko desafioa» nabarmendu du: «Herritar aunitzek parte hartzen dute eta berezia izaten da».
Zinegotzi izanda, aurtengo bestak beretzat «diferenteak» izanen direla dio, baina seguru ongi pasatzeko tartea hartuko duela. Halaxe desio die herritarrei eta bisitariei: «Parte hartzera animatuko nituzke. Bestetan plaza, frontoia edo herri ingurua jendez betetzeak eta jendea kontent ikusteak beteko gaitu; ongi egindako lanaren saria izanen da».