Zehazki bi gertaera salatu nahi izan ditu Berako Udalak. Alde batetik, Usategietako parajean dagoen txabolan «txikizioak» egin dituztela jakinarazi du: «Txabola hau ehiza eta arrantza elkarteak kudeatzen du, irekia egoten da mendizaleentzat eta edozeinek erabiltzeko moduan dago. Baina ez da lehenbiziko aldia batzuk bertan besta egiteko probestu eta ingurua zaborrez beteta eta zikin uzten dutena. Beraien etxean gauza bera eginen lukete?».
Bertzetik, «Altzateko plazako pantaila digitala zikindu» dutela ere salatu du udalak. Eta Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak errespetua eskatu du.
Gertaerak salatzearekin batera, «herritar gehienak herria txukun eta polita izan dadin lanean» ari direla oroitarazi nahi izan du, eta «gutti batzuek eraikitakoa xehatu bertze helbururik ez dutela ematen du. Guk irmo segituko dugu jarrera horiek salatzen».